Irisgarritasuna hobetzeko zenbait lan burutuko ditu udalak
Irungo Udaleko Obra eta Bide Publikoen arloak jakitera eman duenez, zenbait egokitzapen lan burutuko ditu datozen asteotan irisgarritasuna hobetze aldera. Arkitektura oztopoak kentzea eta era horretan, oinezkoentzako oztopoak gainditzea da lanen helburu nagusia.
Hala, Mendibil merkataritza gune inguruko Juan de Albisu eta Zuberoa kaleak egokitzeaz gain, Santiago auzoan kokatutako Bidasoa kalea eta Salis hiribidea ere konponduko dituzte. Artiga auzoan Dario Regoyos kalean jardungo dute eta Anakan, Aldabe Mendia kalean.
48.185,89 euroko aurrekontua edukiko dute aipatutako egokitzapen lanek eta behin hasita hilabete baten buruan bukatzea aurreikusi dute.