Espainiako Errepublika lantzen duen obra antzeztuko dute hilaren 11n Hendaian
Hilaren 11n, ostiralarekin, L’Espagne au coeur en toutes libertés (Espainia bihotzean askatasun guziz) antzezlana taularatuko dute Mendi Zolan kulturgunean, 20:30ean hasita. Odile Michelek zuzendutako lana da, Michelek berak eta Julian Demoragak 1999an Villeneuve les Avignonen estreinatu zutena, Paroles d´Exil goiburupean. Ikuskizunak Espainiako Errepublikaren aldeko gudarien eta zibilen historia kontatzen du, poesia, dantza, musika, kantuak eta irudi proiekzioak uztartuz.
Ekitaldia Herriko Etxeko Kultura zerbitzuak antolatzen duen Kultur Sasoiko egitarauaren barruan kokatzen da, eta Abantaila Txartela baliatu daiteke. Abantaila Txartelak 10 euroko kostoa du, eta erosiz gero, 2012-2013ko Kultura Sasoiko ekitaldi bakoitzean bost euroko deskontua izango du erabiltzaileak. Gainera, Abantaila Txartela dutenek dohainik entzun ahalko dituzte Baiona Euskal Kostaldea Eskualdeko Orkestrak emango dituen bi kontzertuak.
Bestela, L’Espagne au coeur en toutes libertés antzezlanaren prezioa 12 eurokoa da eta Mendi Zolanen bertan eros daitezke txartelak (asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara), emanaldia baino astebete lehenagotik. Zokoburuko aretoko lekuak mugatuak direnez, aldez aurretik erretserba egitea komeni da, (0)559 48 30 49 telefono zenbakira deituta.