
Sagarzazu Zuloaga Etxean, Neguko Jardunaldien aurkezpena egin zutenean
Balorazio “oso positiboa” egin Hondarribiko Udaleko Euskara saileko zinegotzi Txomin Sagarzazuk 2012ko azaroa eta abenduan egin ziren Neguko Jardunaldiez. Sagarzazuren hitzetan, “parte hartze handia izan dute ekitaldiok, eta kantitateaz gain, kalitate ona bermatzea lortu dugu”.
Euskara Zerbitzuak antolatzen ditu urtero Neguko Jardunaldiak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, eta helburu nagusia, “euskaraz bizi nahi duten herritarrei hala egiteko aukera eskaintzea da”, Sagarzazuren hitzetan. Euskara zinegotziaren ustez, Euskara Biziberritzeko Plana arlo guztietan garatu behar da, baina kulturgintza eta aisialdian bereziki: “Plan honen barnean hizkuntza politikako neurriak erabaki eta bultzatu egiten dira, eta neurri sorta hori hamar esparrutan garatu ohi da urte guztian zehar. Esparru horietatik bereziki kulturgintza eta aisialdia jorratzen dira Neguko Jardunaldietan: hitzaldiak, kontzertuak, helduentzako nahiz haurrentzako antzerkia, ipuin-kontaketa, mintzodromoa… denetatik izan dugu”.
“Eskaintza ahalik eta oparoena”
Antolatutako ekitaldien artean Kirmen Uriberen hitzaldia eta Iñaki Salvadorren emanaldia nabarmendu zituen zinegotziak: “Maila handikoak izan dira Kirmen Uribe idazlearen hitzaldia eta Iñaki Salvadorrek Mikel Laboaren omenez eskainitako kontzertua. Parte hartzeari dagokionez nabarmentzekoak dira Txiste Grafikoen Lehiaketan 120tik gora lan aurkeztu izana… Ahalik eta eskaintza oparoena egiten saiatu gara, eta oso balorazio positiboa egiten badugu ere, eta datorren urterako hobetzeko lan egingo dugu”.