‘Dantzan’, elkarlanaren emaitza
Korri, Xalto eta Brinko pailazoek ‘Dantzan’ lan berria argitaratu dute. Diskoa osatzen duten hamar kanta dantzagarriak etxean aurkeztuko dituzte, Bekoerrotan, hilaren 28an egingo duten emanaldian. Korri, Xalto eta Brinkok bigarren diskoa argitaratu dute. Aurreko Kantari diskotik bederatzi urtera heldu da Dantzan lana, «elkarlanaren emaitza gisa», Mikel Susperregik azaldu duen moduan. Izan ere, Usurbilgo Ganbarakada taldearekin batera grabatu dute azken lana Lezoko hiru sudurgorriek: «Herriko musika eskolako irakasle Joxan Anduagak egin ditu musika moldaketak, eta berak jarri gintuen harremanetan Usurbilgo taldearekin, bertako musika eskolan ere klaseak ematen dituelako. Ganbarakoak bertatik pasatutako musikariak dira». Hamar kantu bildu dituzte, «belarritik erraz sartzen diren horietakoak», bazterrak dantzan jartzea helburu duen lanean, eta askotariko estiloak landu dituzte. Hiru txoro dantza ere txertatu dituztela nabarmendu du, oholtza gainean Xalto bihurtzen den Susperregik. Horien adibide gisa jarri du diskoko hirugarren abestia, Barizela. Diskoarekin, euskarazko produktu polita eta freskoa eskaini nahi izan dutela zehaztu du, bestalde, Susperregik: «Gure helburua ez da negozioa egitea, taldea bizirik dagoela erakustea baizik». Lan berria aurkezteko, berriz, Lezo eta Usurbil aukeratu dituzte. Pailazoen etxean estreinakoz egingo dute emanaldia, hilaren 28an, Bekoerrota kiroldegian, 18:00etan. Hurrengo egunean, berriz, Usurbilgo kiroldegian aurkeztuko dute. Ordubeteko saioan, disko berriko kantuak, eta hainbat esketxekin gozatzeko aukera izango dute kiroldegira [...]
Korri, Xalto eta Brinko pailazoek ‘Dantzan’ lan berria argitaratu dute. Diskoa osatzen duten hamar kanta dantzagarriak etxean aurkeztuko dituzte, Bekoerrotan, hilaren 28an egingo duten emanaldian.
Korri, Xalto eta Brinkok bigarren diskoa argitaratu dute. Aurreko Kantari diskotik bederatzi urtera heldu da Dantzan lana, «elkarlanaren emaitza gisa», Mikel Susperregik azaldu duen moduan. Izan ere, Usurbilgo Ganbarakada taldearekin batera grabatu dute azken lana Lezoko hiru sudurgorriek: «Herriko musika eskolako irakasle Joxan Anduagak egin ditu musika moldaketak, eta berak jarri gintuen harremanetan Usurbilgo taldearekin, bertako musika eskolan ere klaseak ematen dituelako. Ganbarakoak bertatik pasatutako musikariak dira».
Hamar kantu bildu dituzte, «belarritik erraz sartzen diren horietakoak», bazterrak dantzan jartzea helburu duen lanean, eta askotariko estiloak landu dituzte. Hiru txoro dantza ere txertatu dituztela nabarmendu du, oholtza gainean Xalto bihurtzen den Susperregik. Horien adibide gisa jarri du diskoko hirugarren abestia, Barizela.
Diskoarekin, euskarazko produktu polita eta freskoa eskaini nahi izan dutela zehaztu du, bestalde, Susperregik: «Gure helburua ez da negozioa egitea, taldea bizirik dagoela erakustea baizik».
Lan berria aurkezteko, berriz, Lezo eta Usurbil aukeratu dituzte. Pailazoen etxean estreinakoz egingo dute emanaldia, hilaren 28an, Bekoerrota kiroldegian, 18:00etan. Hurrengo egunean, berriz, Usurbilgo kiroldegian aurkeztuko dute. Ordubeteko saioan, disko berriko kantuak, eta hainbat esketxekin gozatzeko aukera izango dute kiroldegira hurbiltzen direnek, baita disko berria bertan eskuratzeko aukera ere. Hori baita lana zabaltzeko hiru pailazoek erabiliko duten bitartekorik nagusiena, «nahiz eta Elkar dendetan ere salgai jarri dugun».
Sarrera bost euro ordainduta, emanaldia ikusi eta diskoa etxera eramateko aukera izango dute, hala aukeratzen dutenek. Diskoa ez duenak nahi, berriz, bi euroko sarrera ordainduko du. Hilaren 26an eta 27an salduko dituzte sarrerak Bekoerrotan bertan, eta 28an, emanaldia baino ordu erdi lehenago.
Hamahiru urteko ibilbidea
Orain hamahiru urte sortu zen Korri, Xalto eta Brinko pailazo taldea babarrun jate baten bueltan, eta ordutik zortzi lan sortu dituzte: Trapujale; Herriko olinpiadetan; Zabarre; Show berria prestatzen; Artista bat naiz ni; Kantari; Esketx ederrena; eta Entresaka. Musika eta emanaldiez gain, ipuingintza ere landu dute Korri, Xalto eta Brinko pailazoen atzean diren Leire Agirre, Mikel Susperregi eta Jon Legorburuk. Urte luze horietan Ixerka hamar ipuinez osatutako bilduma biribila josi dute, haurrei udalerriaren gaineko eta horren inguruko pertsonaje, leku eta istorioen berri emateko.
Hemendik aurrerako proiektuei begira ere jarri da Susperregi: «Daukagunarekin funtzionatzeko garaia da, eta horren harira, argitaratu genuen ipuin bilduma agortuta dagoenez, hura berriro argitaratzea aztertzen ari gara. Oiartzungo Udalarekin ere adostu dugu Aiako Harriaren gainean orain zazpi urte idatzi genuen ipuina berriz ere argitaratzea».
Gabonei begira ere badituzte emanaldiak Lezoko hiru pailazoek han eta hemen, «zazpi bat ditugu lotuta hilabete honetarako».
Susperregik lezoar guztiak animatu ditu hilaren 28an azken diskoa aurkezteko antolatu duten emanaldian parte hartzera, «tarte polita eta atsegina pasatzeko gonbitea luzatzen diegu, eta sorpresak ere izango dira emanaldian». Guztiak dantzan jarriko dituztela hitza eman du, gainera, lan berrian bildu dituzten hamar kantekin.


