Catelsan kaleratzeen gaineko akordioa lortu dute zuzendaritzak eta sindikatuek
Lantegiko 61 langileak kalean utziko dituzte, eta enpresak gaur jakinarazi du lan erreforman zehazten diren baldintzak baino “dezente hobeak” hitzartu dituztela Akordiorako oinarria abenduaren 5ean lotu zuten bi aldeek, eta hilaren 11n baie...
Lantegiko 61 langileak kalean utziko dituzte, eta enpresak gaur jakinarazi du lan erreforman zehazten diren baldintzak baino “dezente hobeak” hitzartu dituztela
Akordiorako oinarria abenduaren 5ean lotu zuten bi aldeek, eta hilaren 11n baiezkoa eman zioten langileen ordezkariek. Lantokia “berehala” itxiko dela baieztatu du Catelsak. Horrekin batera, jakinarazi du urtarrilean outplacement zerbitzua jarriko dutela martxan, beharginei aukera berriak topa ditzaten laguntzeko.
Enpresak langileek prozesuan izan duten jarrera eskertu du, baita urteetan egindako lan “bikaina” ere. Beharginak enpresaren bideragarritasunaren alde agertu izan dira; haien arabera, itxieraren atzean ez daude arrazoi ekonomikoak, multinazionalaren “erabaki politiko bat” baizik.
Irailaren 28an jakinarazi zien langileei Hutchinson taldeak, enpresaren jabeak, urtarrila baino lehen enpresa itxi eta 61 langileak kaleratzeko asmoa zuela. Hutchinson taldeak argudiatu du itxierarako arrazoi nagusia “lehiakortasunaren etengabeko galera” izan dela.
Multinazionalak ehun lantegi baino gehiago ditu munduan, eta Errumanian, Polonian eta Europako ekialdean dituen beste batzuk handitu nahi ditu.