Gabonetako egitaraua aurkeztu du gaur eguerdian herri bilguneak
Gabonetako egitaraua aurkeztu du gaur eguerdian herri bilguneak
Euskal preso eta iheslarien alde prestatu duen egitarau zabalaren berri eman du Herrira Bilguneak. Gaur eguerdian Kultura Aretoan egin duen agerraldian, bilguneak orain bi hilabete hasi zuen atxikimendu kanpainarekin bat egin duten hogei eragiletako ordezkaritza batek hartu du parte. Horiekin batera, norbanako askok bat egin dutela jakinarazi dute eta dinamika hori etengabekoa izango dela gaineratu dute: “Etorkizunean eragile, herri sektore eta norbanakoen babesa eta konpromiso bila jarraituko dugu”.
Antolatutakoen artean, adierazpen eguna, zazpi orduko kartelada eta azken ostirala aipatu dituzte herri bilguneko kideek, besteak beste eta herritar guztiak animatu dituzte horietan parte hartzera.Garrantzi berezia eman diote, ordea, urtarrilaren 12an Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean Bilbon izango den nazio mailako manifestazioari. Erronka ere jarri diote euren buruari: Hiru baietz. “Gutxienez hiru autobus bete nahi ditugu, beraz Lezoar guztiak Bilbora joatera deitu nahi ditugu mobilizazio horretan parte hartzera”. Ohiko lekuetan izena ematerik izango dute interesdunek.
Herri Bilguneak antolatutako egitaraua gabonei begira:
- Abenduak 20, osteguna: Adierazpen Eguna. U12ko manifestaziora deitzeko pegatinekin ibiliko dira egun osoan zehar, konpromisoa adierazteko.
- Abenduak 24, astelehena: Zazpi orduko Enkartelada herriko plazan 11:00etatik 18:30era. Ondoren euskal preso eta iheslarien aldeko Olentzeroa.
- Abenduak 28, ostirala: Hilabeteko eta urteko azken ostirala.
- Abenduak 31, astelehena: Urtea agurtzeko kopla zaharrak abestuko dituzte baserriz baserri 15:00etan Tiñelutik abiatuta.
- Urtarrilak 4, ostirala: Barrura begiratzeko leihoak filmaren emanaldia Gezala Auditoriumean 19:30ean.
- Urtarrilak 12, larunbata: Denak Bilbora. Lezotik hiru autobus baietz.