Atzerapausua eman du Hondarribiak
Aurreko astean Oiartzunen eskuratutako emaitza bera lortu zuen Hondarribiak larunbatean Hondartzan jokatutako partidan. Oiartzunen Mikel Llorenterenak bi golez nagusitu baziren, Hondarribian sailkapeneko azken aurrekoarentzat, Beti Gazterentzat, izan z...
Aurreko astean Oiartzunen eskuratutako emaitza bera lortu zuen Hondarribiak larunbatean Hondartzan jokatutako partidan. Oiartzunen Mikel Llorenterenak bi golez nagusitu baziren, Hondarribian sailkapeneko azken aurrekoarentzat, Beti Gazterentzat, izan ziren hiru puntuak, Hondarribia bi goleko errentaz menderatuta (0-2).
Hondarribiarrek aurretik dituzten taldeen artean Touringek, Tolosak eta Beriok galdu zuten, eta Hernanik, Real Union Bk, Bergarak, Aretxabaletak eta Oiartzunek irabazi. Horrela, azken bost horiek daude sailkapeneko lehen bost postuetan, eta atzetik beste lauak. Hondarribia da aurreko treneko azken bagoia, baina bost puntu ateratzen dizkio hurrengo sailkatuari, Mondragon taldeari.
Hain zuzen ere, hurrengo asteburuan Arrasaten izango dute berdeek, herenegun galdutako hiru puntuak berreskuratzeko aukera. Lortu ezean, sailkapeneko erdialdean geratzeko arriskua izango luke Hondarribiak, eta atzetik datozenei begiratzen hasi beharko luke, aurrekoei baino gehiago.
Tarte handirik ez
Hernanik lider sendo izaten segitzen du, baina gainontzeko taldeen artean ez dago diferentzia handirik, laugarren tokian dagoen Aretxabaletak hiru puntu ateratzen bait dizkio bederatzigarrena den Hondarribiari: Aretxabaletak eta Oiartzunek 23 puntu dituzte, Touringek 22, Tolosak 21, eta 20 Beriok eta Hondarribiak.
Aurretik, Hernanik 33 puntu ditu, Real Union Bk 27 eta Bergarak 25. Tarteak ez dira handiak, baina atzekoek huts eginez gero, sailkapeneko lehen hiruek tartea irekitzeko aukera izango lukete.