Kirolaren Galan herriko bost kirolari eta talde omenduko dituzte
Hilaren 14rako Kirolaren Gala antolatu du Errenteriako Udalak. Herriko elkarte eta kirolarien lana aitortzeko ekitaldia izango da, baina batik bat bost izango dituzte gogoan: Touring Kirol Elkartea, Ereintza Eskubaloia, Hibaika Arraun Elkartea, Mikel Odriozola ibilketaria eta Ane Santesteban txirrindularia. Ekitaldiaren hirugarren urtea da, baina aurten bultzada berezia eman diote, batik bat bost horiek egin duten urte biribilarengatik. Izan ere, Touringek Ohorezko Mailara igotzea lortu du aurten, eta Ereintzak, berriz, Zilarrezko Mailara. Hibaikak ere 2011-2012 denboraldian hainbat garaipen lortu dituela kontuan izan du udalak omentzerako garaian. Bestelde, Odriozolak Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu du 50 kilometroko martxa proban, eta Santestebanek 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan. Unai Unsuain Kirol Patronatuko presidentearen arabera, ezin dira ahaztu herrian dauden beste elkarte eta norbanakoak, eta aintzat hartu du egiten duten lana. Unsuainek Errenteria-Orereta “herri kirolaria” dela nabarmendu du, eta horren adibide, Udal Kirola Patronatuak 11.500 bazkide dituela esan du. Kirolaren arloan urtean zehar egindako beste bi ekintza gogorarazi ditu: Kaputxinoetako igerilekuak irekitzea, eta “arrakasta handia” duen Futbol 7 Txapelketa antolatzea. Mikel Odriozola ibilketariak eskerrak eman ditu omenduko dituzten artean egoteagatik: “Halako sariak etxean jasotzeak asko pozten du kirolaria”. Gaineratu du “ilusioa” egiten diola “horrelako gala bat egiteak, urtean egindako lana kontuan hartzeko”. Errenteria-Oreretan ere “kirol [...]
Hilaren 14rako Kirolaren Gala antolatu du Errenteriako Udalak. Herriko elkarte eta kirolarien lana aitortzeko ekitaldia izango da, baina batik bat bost izango dituzte gogoan: Touring Kirol Elkartea, Ereintza Eskubaloia, Hibaika Arraun Elkartea, Mikel Odriozola ibilketaria eta Ane Santesteban txirrindularia. Ekitaldiaren hirugarren urtea da, baina aurten bultzada berezia eman diote, batik bat bost horiek egin duten urte biribilarengatik.
Izan ere, Touringek Ohorezko Mailara igotzea lortu du aurten, eta Ereintzak, berriz, Zilarrezko Mailara. Hibaikak ere 2011-2012 denboraldian hainbat garaipen lortu dituela kontuan izan du udalak omentzerako garaian. Bestelde, Odriozolak Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu du 50 kilometroko martxa proban, eta Santestebanek 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan.
Unai Unsuain Kirol Patronatuko presidentearen arabera, ezin dira ahaztu herrian dauden beste elkarte eta norbanakoak, eta aintzat hartu du egiten duten lana. Unsuainek Errenteria-Orereta “herri kirolaria” dela nabarmendu du, eta horren adibide, Udal Kirola Patronatuak 11.500 bazkide dituela esan du. Kirolaren arloan urtean zehar egindako beste bi ekintza gogorarazi ditu: Kaputxinoetako igerilekuak irekitzea, eta “arrakasta handia” duen Futbol 7 Txapelketa antolatzea.
Mikel Odriozola ibilketariak eskerrak eman ditu omenduko dituzten artean egoteagatik: “Halako sariak etxean jasotzeak asko pozten du kirolaria”. Gaineratu du “ilusioa” egiten diola “horrelako gala bat egiteak, urtean egindako lana kontuan hartzeko”. Errenteria-Oreretan ere “kirol maila altua” dagoela esan du.
Kirolaren Gala horretara joateko gonbidapenak bidali ditu patronatuak elkarteetara, baina herritar guztiei irekia dagoela jakinarazi du. Errenteria Hiria Kulturgunean izango da ekitaldia, eta aforo mugatua du. Horrenbestez, gonbidapena beharko da ekitaldira joateko. Horiek patronatuan jaso ahal izango dira astelehenetik aurrera.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta omenaldiaz gain, kirolean izandako momentu onenekin osatutako bideo emango dute, eta Kukai Dantza Konpainiaren emanaldia ikus ahal izango da.