Zukgua prestatzen hasteko gazte afaria egingo dute bihar
Zukgua gazte erakunde berria martxan da, eta makineria ondo prestatzen ari dira Errenteria-Oreretako gazteak. Proiektu berria hasteko biharko Gazte Afaria baliatuko dute, eta arratsaldetik hainbat ekintza egingo dituzte. 19:00etan Txiki tabernatik hasi...
Zukgua gazte erakunde berria martxan da, eta makineria ondo prestatzen ari dira Errenteria-Oreretako gazteak. Proiektu berria hasteko biharko Gazte Afaria baliatuko dute, eta arratsaldetik hainbat ekintza egingo dituzte.
19:00etan Txiki tabernatik hasita, gazte poteo kritikoa egingo dute. Zukguak jakinarazi duenez, hainbat joko egingo dituzte gazte erakunde berriak zein balore eta ezaugarri izan behar dituen kontuan hartzeko.
Tabernaz taberna ibili ondoren, Landare elkartean geratuko dira gazteak, eta afaltzen hasi aurretik, ekitaldia izango dute. 21:30ean eseriko dira mahaian. Afarirako txartelak 10 euroan daude salgai, eta aurten bi euroan jaitsi dute prezioa. Zukguaren arabera, horren bidez erakutsi nahi dute ekonomiak ez duela arazo bat izan behar ekimen horretan parte hartzeko.
Urteetako afaria
Gazte afaria urteak dira egiten dutela. Hasi, soldaduska egitera joan behar zutenak agurtzeko hasi zuten, intsumisio mugimendua sortu zenean. Urteetan egiten joan da, baina helburuak aldatuz joan dira, eta aurten gazte erakunde berria antolatzen hasteko ekimen bezala baliatuko dute. Dagoeneko hainbat eztabaida saio egin dituzte herrian, eta mundu mailako eta Euskal Herriko gazteen egoera aztertu ostean, datozen asteetan estrategia lantzen hasiko dira: nolakoa izango den, nola funtzionatu behar duen…