Gutuna: Gazteak gara eta harro gaude
Amets egiteagatik amesgaizto bukaezin batean sartu gintuzten demokraziaren izenean. 2008ko apirilaz geroztik atximur egiten diogu gure azalari amesgaizto honetatik esnatzeko, baina esna gaudela diote gure begi zabalduek. Sinestea zaila den arren, errealitatea da bizi izan dugun guztia. Demokraziaren izenean atxilotu gintuztenek, demokraziaren izenean torturatu gintuzten bost egun luzez. Baina gu omen gara gaizkileak gazte eta independentista izateagatik. Horrek ematen dio beldurra etsaiari, euskal gazteria antolatuta ikusteak. Horregatik utzi zuten legez kanpo Segi gazte erakundea. Beldurragatik. Euren txotxongilo nahi gaituzte eta ametsak ez izatea. Euren zapalduak izaten segitzea eta gure ametsei muzin egitea. Baina euskal gazteria ez dago prest mutu, gor eta itsu egoteko; gu ez gara geldirik egongo zuen jazarpenaren aurrean. Horregatik epaitu gaituzte, amets egiteagatik eta amets horiek errealitate bihurtzeko bidea zabaltzeagatik. Antolatu eta borrokatzeagatik espetxeratu gaituzte. Ez gara lehenak izan, ez eta azkenak ere, zoritxarrez etsaiaren atzaparretan erori garenak. Itsaso geldiezin honen tanta bat baino ez gara. Lau urte pasatu dira, eta honek ez du amaierarik. Hasieran hiru geratu ginen sumariotik at, epaiketaren ostean beste 11 geratu gara aske. Hori esan digute, aske gaudela batzuk. Baina hori ez da egia. Batzuk ez gara aske sentitzen. Sei lagun gaude espetxeratuak izateko arriskuan. Espetxera joan gaitezke Euskal Herria sozialista baten [...]
Amets egiteagatik amesgaizto bukaezin batean sartu gintuzten demokraziaren izenean. 2008ko apirilaz geroztik atximur egiten diogu gure azalari amesgaizto honetatik esnatzeko, baina esna gaudela diote gure begi zabalduek. Sinestea zaila den arren, errealitatea da bizi izan dugun guztia.
Demokraziaren izenean atxilotu gintuztenek, demokraziaren izenean torturatu gintuzten bost egun luzez. Baina gu omen gara gaizkileak gazte eta independentista izateagatik. Horrek ematen dio beldurra etsaiari, euskal gazteria antolatuta ikusteak.
Horregatik utzi zuten legez kanpo Segi gazte erakundea. Beldurragatik. Euren txotxongilo nahi gaituzte eta ametsak ez izatea. Euren zapalduak izaten segitzea eta gure ametsei muzin egitea. Baina euskal gazteria ez dago prest mutu, gor eta itsu egoteko; gu ez gara geldirik egongo zuen jazarpenaren aurrean. Horregatik epaitu gaituzte, amets egiteagatik eta amets horiek errealitate bihurtzeko bidea zabaltzeagatik. Antolatu eta borrokatzeagatik espetxeratu gaituzte. Ez gara lehenak izan, ez eta azkenak ere, zoritxarrez etsaiaren atzaparretan erori garenak. Itsaso geldiezin honen tanta bat baino ez gara.
Lau urte pasatu dira, eta honek ez du amaierarik. Hasieran hiru geratu ginen sumariotik at, epaiketaren ostean beste 11 geratu gara aske. Hori esan digute, aske gaudela batzuk. Baina hori ez da egia. Batzuk ez gara aske sentitzen. Sei lagun gaude espetxeratuak izateko arriskuan. Espetxera joan gaitezke Euskal Herria sozialista baten alde egiteagatik, espetxera joan gaitezke gure herrietako gaztetxeak defendatzeagatik, espetxera joan gaitezke euskaraz bizi nahi izateagatik, espetxera joan gaitezke Euskal Herria aske nahi izateagatik eta gure esku dagoena egiteagatik amets horiek errealitate bihurtzeko.
Maitane, Aitor, Arkaitz, Iosu eta Xabier orainaldian bizi dira soilik, bihar esnatzean zer gertatuko den ez dakitelako. Baina Ion Mikel, Iker, Gorka, Imanol, Oihana, Alain, Iker, Alex, Oinatz, Gaizka, Beñat, Haizea, Hodeiertz eta Egoitz ez dira aske izango guztiak etxean egon arte.
Horregatik, gertatzen dena gertatzen dela, epai hau salatu nahi dugu ez duelako zentzurik Segiko kide izateagatik epaiketa politiko bat egiteak. Gazteak ez gara geldirik egongo, eta egin dezakegun salaketa onena antolatzen jarraitzea da. Euskal gazteriari Zukgua prozesu eratzailean parte hartzeko deia egiten diogu, olatu handi hau geldiezina izango baita, eta guztion beharra dugu horretarako.
Gazte bat gehiago ez! Gure etxeko atea zabalik dute!
Gorka Etxeberria. Oarsoaldeko gazte auzipetuen izenean.