Euskal Herria Martxan Errenteria eta Irundik pasatuko da gaur
Gehiengo sindikalak eta ehun eragilek bat egin dute aste honetan egingo duten Euskal Herria Martxan mobilizazioekin. Zazpi lurraldeetan aterako dira herritarrak kalera lan duina eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, besteak beste. Asteburura begira, hiriburuetan zentratuko da protesta, eta astegunetan, berriz, herrietan. Hemezortzi herritan izango dira ekintzak, eta horien artean daude Irun eta Errenteria-Orereta
Irunen gaur eguerdirako egin dute deialdia. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute San Juan Plazan. Errenteria-Oreretan, berriz, arratsaldean mobilizatuko dira herritarrak. 19:00etan bilduko dira Herriko Enparantzan, eta hortik abiatuta, erdialdeko kaleetan zarata aterako dute, murrizketekiko eta etxe kaleratzeekiko euren desadostasuna “erantzuleek” entzun dezaten.
Hurrengo deialdi gertukoena Donostian izango dute Oarsoaldeko eta Bidasoko biztanleek. Ostiralean, 19:00etan, manifestazioa izango da Bulebarretik abiatuta.
ELA, LAB, EHNE, ESK, EILAS, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak daude deialdiaren atzean, eta Euskal Herri osoko beste ehun eragilek ere bat egin dute. “Mobilizatuz horiek errespetatzera behartzen ez baditugu, murrizketak egiten jarraituko dute”, adierazi zuen ekitaldiaren aurkezpenean Mikel Noval ELAko gizarte politikako arduradunak.