Haur eta nerabeek tratu ona aldarrikatu dute, udalarekin batera
Hilaren 16an Haurren Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, atzo Pasaiako udaletxean agerraldia egin zuten Amaia Agirregabiria alkateak eta herriko hiru ikastetxetako haurrek, egun horretako jarduerak aurkezteko asmoz. Alkateak udalaren izenean adierazpen bat irakurri zuen. Horrela, gogorarazi zuen duela lau urte Udalbatzak, aho batez, haurren eta nerabeen erakunde-adierazpena onartu zutela. Horrela, gaur egun haur eta nerabeen tratu onaren aldeko konpromisoa hartu dutela berretsi zuen, eta horretarako gizarte sare zabal egituratuta dagoela. Bertan parte hartzen dute udalak, hezkuntza komunitateek eta nerabeekin lanean ari diren udalerriko elkarteek. Agirregabiriak esan zuenez, hiru proiektu garatu dituzte: haurren babeserako gaiari buruzko prestakuntza, alde batetik, sentsibillizazioa bestetik, eta haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko gizarte sarearen sendotze lana. Eskubideak bermatzeko udalak plan bat duela eta bi foro sustatu dituela gaineratu zuen alkateak, “tratu ona errealitate bihurtu nahian”. Hala ere, eskubideak murrizten ari direla salatu zuen Agirregabiriak. “Aurten oinarrizko bi eskubide urratzen ari dira: osasuna eta hezkuntza. Biak dira oinarrizkoak, eta biak jasota ageri dira haurren eta nerabeen eskubideei buruzko nazioarteko adierazpenean. Horrenbestez, saiatu gaitezen guztion artean, etorkizunean eskubide horiek urratu ez daitezen”. Alkateak hitza hartu ostean, hiru ikastetxetako haurrek emankizun bana eskaini zuten. Abestu ondoren, haurrek euren eskubideen dekalogoa irakurri zuten. Datorren ostiralean Pasaian egingo [...]
Hilaren 16an Haurren Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, atzo Pasaiako udaletxean agerraldia egin zuten Amaia Agirregabiria alkateak eta herriko hiru ikastetxetako haurrek, egun horretako jarduerak aurkezteko asmoz.
Alkateak udalaren izenean adierazpen bat irakurri zuen. Horrela, gogorarazi zuen duela lau urte Udalbatzak, aho batez, haurren eta nerabeen erakunde-adierazpena onartu zutela. Horrela, gaur egun haur eta nerabeen tratu onaren aldeko konpromisoa hartu dutela berretsi zuen, eta horretarako gizarte sare zabal egituratuta dagoela. Bertan parte hartzen dute udalak, hezkuntza komunitateek eta nerabeekin lanean ari diren udalerriko elkarteek.
Agirregabiriak esan zuenez, hiru proiektu garatu dituzte: haurren babeserako gaiari buruzko prestakuntza, alde batetik, sentsibillizazioa bestetik, eta haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko gizarte sarearen sendotze lana. Eskubideak bermatzeko udalak plan bat duela eta bi foro sustatu dituela gaineratu zuen alkateak, “tratu ona errealitate bihurtu nahian”.
Hala ere, eskubideak murrizten ari direla salatu zuen Agirregabiriak. “Aurten oinarrizko bi eskubide urratzen ari dira: osasuna eta hezkuntza. Biak dira oinarrizkoak, eta biak jasota ageri dira haurren eta nerabeen eskubideei buruzko nazioarteko adierazpenean. Horrenbestez, saiatu gaitezen guztion artean, etorkizunean eskubide horiek urratu ez daitezen”.
Alkateak hitza hartu ostean, hiru ikastetxetako haurrek emankizun bana eskaini zuten. Abestu ondoren, haurrek euren eskubideen dekalogoa irakurri zuten.
Datorren ostiralean Pasaian egingo diren jarduera guztietan parte hartzeko gonbitea luzatu zieten tratu onaren aldeko konpromisoa hartu duten eragileei.
EGITARAUA
San Pedro (Frontoian)
- 17:30: Altxorraren bila.
- 18:30: Dantza.
- 19:00: Haurren eta Nerabeen Eskubide eta Betebeharren irakurketa. Ondoren, txokolate jatea.
Lamiak dantza taldeak, Txasissek, Itsas Gelak, Antxeta elkarteak eta Emakumeen Taldeak hartuko dute parte.
Trintxerpe (Azkuenetik Serafin Esnaola plazara)
- 18:30: Kalejira Azkuene kaletik.
- 19:00: Haurren eta Nerabeen Eskubide eta Betebeharren irakurketa. Ondoren, txokolate jatea.
Boveda aisialdi taldeak, Ekaitza aisialdi taldeak, Famak eta Laurak bat elkarteak hartuko dute parte.
Antxo (Gure Zumardian)
- 17:30: Haurrentzako tailerrak eta jolasak.
- 18:30: Dantza.
- 19:00: Haurren eta Nerabeen Eskubide eta Betebeharren irakurketa. Ondoren, txokolate jatea.
- 19:30: Gazteentzako tailerrak.
2daidek, Kuadrilategik, Alkartxiki dantza taldeak eta Badia eskolak hartuko dute parte.
Donibane (Frontoian)
- 17:30: Haurrentzako tailerrak eta jolasak.
- 19:00: Haurren eta Nerabeen Eskubide eta Betebeharren irakurketa. Ondoren, txokolate jatea.
Bertan izango dira Pasaiako kale hezitzaileak, Itsas-mendi elkartea, udal ludoteka eta udal liburutegia.