Txingudiko padurak eta Lapurdiko itsaslabarrak batuko dituen proiektua aurkeztu zuten herenegun goizean Plaiaundiko parke ekologikoan. Txinbadia erabilera publikoko eta kontserbazioko ingurune naturalen herrialde mugakideen arteko sarea da, eta Txingudiko padurak eta Lapurdiko itsaslabarrak batzen dituen proiektua garatzen dabiltza egunotan.
Herrialde mugakideen arteko ingurune naturalak babesteko, herrialdeen arteko lankidetza nabarmendu zuten aurkezpen ekitaldian eta jarraian, Plaiaundiko parkera bisita gidatua egin zuten.
Ingurune naturalen babesa
Txingudiko eta Lapurdiko kostaldeko eremu naturalak batzeko eta babesteko akordioa 2011ko uztailean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta CPIE Euskal Kostaldeak. Akordio horren arabera, 4,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi erakundeek mugaren bi aldeetan. Hala, Irunen, Txingudi-Nekoetxean egingo dituzte inbertsioak, eta Hendaian, berriz, Larretxean, Nekatoenean eta Asporotstxipin.
Egitasmoaren arabera, bi aldeetan paisaien, lur eta itsas eremuetako habitaten, nahiz kostaldearen babesa bilatuko dute. Horien eraberritzea errazteko sortu dute ere Txinbadia, egitasmo zientifiko eta teknikoen bidez. Aldi berean, sentsibilizazio programak bultzatuko dituzte, lau eremu horiek Natura 2000 Sarean daudelako.
Txingudiko padurak eta Lapurdiko itsaslabarrak batzen dituen proiektua garatzeko 2,7 milioi euro jarri dituzte.
Plaiaundiko padura.