San Pedron dago jaien lekukoa
Harrotasunez ekin diote festari San Pedron, krisiari berritasun askorekin erantzunez Festak badiaren alde batetik bestera jauzi egin, eta San Pedron bete-betean dago orain. Atzo hasi ziren sanpedroak, eta gaur egun handia ospatuko dute. Mariñelarenak alkateordetzatik botatako suziriak eman zien hasiera ofiziala jaiei, baina, aurretik festa hasia zen kaleak koloreztatzen. Aurten lehenengoz antolatutako Indarkeriarik Gabeko Egunaren barruan, herriko hainbat margolarik hasitako murala aurkeztu zuten arratsean, eta hari jarraituta herritarrek San Pedro Debekatuaren Mapa osatzeko aukera izan zuten. Asmoa: gune horien eraldaketa irudikatzea. Txupinazoaren ondotik, gay eta lesbianek ikurrina igo zuten Herriko Plazan, jaien hasiera eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna batera ospatuz. Jada gauean bezperako danborradan bildu ziren sanpedrotarrak. Gaur, berriz, patroiaren eguna ospatuko dute, eta horretarako egitarauan klasikoak eta berritasunak uztartu ditu Jai Batzordeak. Berritasunen artean aipatzekoak gaurko hiru ekitaldi: batetik, Pasaiako zenbait herritarren istorioak eta oroitzapenak biltzen dituen ikus-entzunezkoaren proiekzioa udal aretoan, (bihar eta etzi ere izango da ikusterik, 12:00etatik 14:00etara) eta horrez gain, bizilagunek Internet bidez partekatutako argazki, bideo eta bestelako agiriak ikusteko aukera. Bigarrenez, arratsalderako antolatutako I. Trikotoia. Jostorratzak eskuan, pilotalekuan bilduko dira haurrak eta helduak, puntu eta kakorratz lanen lehen herri maratoian parte hartzeko. Ikasi eta erakutsi nahi dutenek, denek izango dute tokia maratoi ezin originalean. Hirugarrenik eta [...]
Harrotasunez ekin diote festari San Pedron, krisiari berritasun askorekin erantzunez
Festak badiaren alde batetik bestera jauzi egin, eta San Pedron bete-betean dago orain. Atzo hasi ziren sanpedroak, eta gaur egun handia ospatuko dute.
Mariñelarenak alkateordetzatik botatako suziriak eman zien hasiera ofiziala jaiei, baina, aurretik festa hasia zen kaleak koloreztatzen. Aurten lehenengoz antolatutako Indarkeriarik Gabeko Egunaren barruan, herriko hainbat margolarik hasitako murala aurkeztu zuten arratsean, eta hari jarraituta herritarrek San Pedro Debekatuaren Mapa osatzeko aukera izan zuten. Asmoa: gune horien eraldaketa irudikatzea.
Txupinazoaren ondotik, gay eta lesbianek ikurrina igo zuten Herriko Plazan, jaien hasiera eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna batera ospatuz.
Jada gauean bezperako danborradan bildu ziren sanpedrotarrak.
Gaur, berriz, patroiaren eguna ospatuko dute, eta horretarako egitarauan klasikoak eta berritasunak uztartu ditu Jai Batzordeak.
Berritasunen artean aipatzekoak gaurko hiru ekitaldi: batetik, Pasaiako zenbait herritarren istorioak eta oroitzapenak biltzen dituen ikus-entzunezkoaren proiekzioa udal aretoan, (bihar eta etzi ere izango da ikusterik, 12:00etatik 14:00etara) eta horrez gain, bizilagunek Internet bidez partekatutako argazki, bideo eta bestelako agiriak ikusteko aukera.
Bigarrenez, arratsalderako antolatutako I. Trikotoia. Jostorratzak eskuan, pilotalekuan bilduko dira haurrak eta helduak, puntu eta kakorratz lanen lehen herri maratoian parte hartzeko. Ikasi eta erakutsi nahi dutenek, denek izango dute tokia maratoi ezin originalean.
Hirugarrenik eta azkenik, Indarkeriarik Gabeko Gunearen zabaltzea txosnetan. Informazioa zabaldu eta elkartrukatzeko gunea izateaz gain, hainbat jarduera egiteko aukera izango da bertan: festetarako txapa aldarrikatzaileak, jolasak… Yogurinha Borovaren kabaret transformistak bukatuko du eguna.
Gaurko egitaraua
09:00. Diana txistulariekin.
11:00. Licinio Refice meza.
11:30. Haurren Inude eta Artzaiak.
16:00. Puzgarriak.
16:30. Pasaialdea Irudikatzen-ek antolatutako erakusketa eta ikus-entzunezkoa.
17:00. Trikotoia.
18:00. Txosnetan Indarkeriarik Gabeko Gunea zabalduko dute.
19:00. Apar festa Salbion.
20:00. Bertso triki poteoa.
21:30. Herri afaria.
00:00. Transformer Yogurinha Borova eta Las Felliniren kabareta. Ondoren DJ Javi.