Hondakinen gainean EAJk, PSEk eta PPk “sortu duten eztabaida artifizialari” erantzun nahi izan diete Gipuzkoako 482 udal hautetsik, guztiak Bildukoak, Aralarrekoak eta independenteak. Herrialdeko gehiengoa dute, ordezkaritzen erdiarekin.
Ainhoa Zabalo eta Iñaki Arrizabalaga Lezoko eta Zumaiako alkateek, hurrenez hurren, hitz egin zuten guztien izenean atzo. Lehenik eta behin gogorarazi zuten Gipuzkoako erakundeen gehiengoak zero zaborren alde egin duela. “Batzuek ahaztu nahi badute ere, udalok, eta odorioz mankomunitateok, herritarrok sortzen dituzten hondakinak biltzeko ardura eta kudeatzeko eskumena dugu, nahi dugun norabidean”, azaldu dute. Norabide hori Europak ezartzen duena dela esan dute, zero zaborrean oinarritutakoa, alegia. “Egungo eredua agortuta dago, eta ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik sostengaezina da”, berretsi dute. Esan dutenez, euren “betebeharra” da “gure seme-alabei horrelako hipotekarik ez uztea”. Horregatik, gaur egun dagoen %30eko birziklatze tasatik %80ra pasatzea da euren helburua: “Posible da, eta horretara goaz, guztion ahaleginaren eta parte hartzearen bitartez”.
![482 hautetsik berretsi dute euren udalek ez dutela errausketa finantzatuko](http://oarsobidasoa.hitza.info/files/2012/06/P62804301-300x225.jpg)
Zentzu horretan, aldundiak Gipuzkoan dauden hiru zabortegiak ixteko hartu duen erabakia txalotu dute, baita errauste planta ez eraikitzearena ere. “Hori da gipuzkoarren gehiengoaren nahia, eta erabaki horrek bat egiten du gipuzkoarren nahiarekin. Erantzun positiboa ematen dio”.
Errausketak, “larriagotu”
Errausketa planta eraikitzearen alde dauden alderdi politikoak kritikatu dituzte. Izan ere, zaborra erretzeak arazoa konpondu baino, “larriagotu” egiten duela iritzi dute: “Birziklatzea geldiarazi ez ezik, eragin txarra du ingurumenean eta herritarren osasunean, sortzen dituen errautsak oso toxikoak baitira. Gainera, zabortegi berezietan gorde behar dira”. Horregatik, errausketak zabortegien arazoa konpontzen ez duela jakinarazi dute.
Horrez gain, errauste planta ekonomikoki bideraezina dela esan dute: “Udalak oso larri daude gaur egun, eta ondorioz, ez gaude prest gure herriak hipotekatzeko. Are gehiago, ikusi dugu diru gutxiagorekin, xahutu gabe, posible direla hondakinak kudeatu”. Horregatik, hilabete hasieran iragarritakoa berretsi zuten: udalek ez dutela errauste planta finantzatuko. “Gaurkoan, berriro gogorarazi nahi diegu hiru alderdi horiei, baina baita Batzar Nagusiei eta aldundiari ere, edozein dela ere hartzen duten erabakia eta edozein dela ere planifikazioa, udalok ez dugula azpiegitura kutsakor horretara euro bat bera ere bideratuko, ezta inposaketarik onartuko ere”.
Bizkaiko Zabalgarbiren adibidea jarri zuten. Hala, errausketa planta duten herrialdeek, “bideragarri egiteko”, zaborra beste hainbat tokitatik eraman behar dutela adierazi dute. “Bizkaian ez dute hori baztertzen, eta bideragarritasuna zalantzan jartzen hasi dira batzuk. Gipuzkoan jaio aurretik hilda dago, ez dugulako errefusarik sortuko gure herrietan”.
Azkenik, Gipuzkoako “bi gehiengoak” elkar ulertzera behartuta daudela uste dute, eta horretarako “prestutasun osoa” agertu dute. “Horrela egin ezean, galtzaile guztiok izango gara”, nabarmendu dute hautetsiek. Diputatu nagusi Martin Garitanori zein Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzini biltzeko deia egin diete, eta Batzar Nagusiei hautetsien erabakia errespetatzeko.