Paella jate erraldoia egingo dute Altamiran, udari ongi etorria emateko asmoz
Udan murgildu gara jadanik, eta Altamira auzoan ongi etorri ekitaldia egiteko asmoa daukate. Horretarako, paella jate erraldoia antolatu du Altzate auzo elkarteak larunbaterako. Auzoan inoiz egin den otordurik handiena egiteko asmoarekin antolatu dute larunbateko paella jatea. “Eta hala izango da”, esan du Nahia Mitxelena auzo elkarteko lehendakariak. Izan ere, jada 120 txartel saldu dituztela esan du: “Altamira bezalako auzo batentzat asko da hori. Orain arte egin den bazkaririk handienera 80 lagun joan dira… eta gaur [atzo] arte 120 saltzeak gure aurreikuspenak gainditu ditu”. Kopuru hori handitu daiteke oraindik. Izan ere, oraindik txartelak salgai daude, auzo elkartearen tabernan, bost euroren truke. 250 lagunentzako paellera Udari ongi etorria emateaz gain, beste arrazoi batzuk baditu auzo elkarteak paella jatea antolatzeko. “Altzatek erakutsi nahi du ez ditugula bakarrik auzoko jaiak antolatzen eta kitto. Urteko beste garaietan ekimen batzuk egiten ditugula erakutsi nahi dugu, eta aldi berean, auzoan giro pixka bat sortzea”, azaldu du Mitxelenak. Bazkari handi bat antolatzeko ideia elkarteko bazkide batek izan zuela esan du. Auzo elkarteko kideei jakinarazi zien, eta Altzatek ahal ziren baliabide guztiak jartzeko konpromisoa hartu zuen. Horrela, 250 lagunentzako edukiera zuen paellera handi bat erosi zieten sanjuandar batzuei, 1,8 metroko diametrokoa. Mitxelenak onartu du lehendabizi paellera erosi zutela [...]
Udan murgildu gara jadanik, eta Altamira auzoan ongi etorri ekitaldia egiteko asmoa daukate. Horretarako, paella jate erraldoia antolatu du Altzate auzo elkarteak larunbaterako.
Auzoan inoiz egin den otordurik handiena egiteko asmoarekin antolatu dute larunbateko paella jatea. “Eta hala izango da”, esan du Nahia Mitxelena auzo elkarteko lehendakariak. Izan ere, jada 120 txartel saldu dituztela esan du: “Altamira bezalako auzo batentzat asko da hori. Orain arte egin den bazkaririk handienera 80 lagun joan dira… eta gaur [atzo] arte 120 saltzeak gure aurreikuspenak gainditu ditu”. Kopuru hori handitu daiteke oraindik. Izan ere, oraindik txartelak salgai daude, auzo elkartearen tabernan, bost euroren truke.
250 lagunentzako paellera
Udari ongi etorria emateaz gain, beste arrazoi batzuk baditu auzo elkarteak paella jatea antolatzeko. “Altzatek erakutsi nahi du ez ditugula bakarrik auzoko jaiak antolatzen eta kitto. Urteko beste garaietan ekimen batzuk egiten ditugula erakutsi nahi dugu, eta aldi berean, auzoan giro pixka bat sortzea”, azaldu du Mitxelenak.
Bazkari handi bat antolatzeko ideia elkarteko bazkide batek izan zuela esan du. Auzo elkarteko kideei jakinarazi zien, eta Altzatek ahal ziren baliabide guztiak jartzeko konpromisoa hartu zuen. Horrela, 250 lagunentzako edukiera zuen paellera handi bat erosi zieten sanjuandar batzuei, 1,8 metroko diametrokoa.
Mitxelenak onartu du lehendabizi paellera erosi zutela eta gero antolatu zutela jaieguna. “Hala ere, auzo elkartekoak ilusioarekin gaude, eta auzoan ere nabaritzen da”, gaineratu du.
Bazkaria auzo elkartearen egoitzako terrazan egingo dute. Hori bai, euriak udari ongietorri jaialdia zapuzten ez badu. “Euria egiten ez duen bitartean terrazan egingo dugu. Bestela, auzoko etxebizitzetako arkupeetan egingo dugu bazkaria. Udalari eskatu dizkiogu mahai eta aulkiak jada”, argitu du.
Horrela, desio bakarra du auzo elkartearen ordezkariak: euririk ez egitea. “Santo Kristori kandelak jarri beharko dizkiogu…”, esan du, barrez.