Jarrera “alderdikoiak” alde batera uzteko eskatu du Errenteria-Orereta Bizirik plataformak
Jarrera "alderdikoiak" alde batera uzteko eskatu du Errenteria-Orereta Bizirik taldeak
Zaborraren gaiaren gaineko jarrera “alderdikoiak” alde batera uzteko eta herritarren ongizatea bermatu eta ingurumena errespetatuko duen konponbidea bilatzeko eskatu du Errenteria-Orereta Bizirik plataformak. EAJk abiatu berri duen Gipuzkoa Garbia ekimenaren harira egin ditu adierazpenak Errenteria-Orereta Bizirikek. Ekimenaren irizpide nagusiak “gardentasuna” eta “zorroztasuna” izango direla esan du alderdi jeltzaileak, eta Errenteria-Orereta Bizirik-ek zalantzan jarri du azken hori: “Kontenedoreekin gehiago birziklatzen dela, Europako araudia beteko dutela eta zabortegien itxiera eskatu du EAJk. Kontenedoreekin gehiago birziklatzen dela ez du inork sinisten, datuak publikoak dira eta edonoren eskura daude. Europako araudiari dagokionean, berriz, atez ateko sistemak ere betetzen du”.
Zabortegiak ixteko eskaerarekin bat egiten duela gaineratu du Errenteria-Oreretako taldeak, eta EAJri proposatzen duen errauste plantak sortuko dituen hondakin toxikoekin zer egiteko asmoa duen galdetu dio, “horiek ere zabortegia behar dutelako”, gaineratu du plataformak. Bestalde harridura azaldu du herritarren “parte hartzearen aldeko jarrera” erakusten ari delako orain EAJ,” berak zuzendutako erakundeetan, errausketaren aurka lanean urteak daramaten taldeen ahotsa isilarizi izan duen bitartean”. Horren harira, Errenteriako plataformak beste eragile batzuekin batera Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Ekimen Legegilea aipatu du: “Hondakinen gaiari buruzko lege bat egiteko eskatzen genuen, eta 35.000 sinadura bildu ondoren, ekimena bertan behera utzi zuten eztabaidatu ere egin gabe”.