Aiora Perez de San Roman: «Herritarrekin, herriarekin, eta herriarentzat ari gara lanean»
Agintaldiaren lehenengo urtearen errepasoa egin du alkateak. Momentu onak eta gogorrak bizi izan ditu Udal Gobernu Taldeak epe horretan. Aiora Perez de San Roman (Oiartzun, 1978) lehen alkate emakumea izan da Oiartzunen. Urtebete darama karguan, ekainaren 11n bete zuen urtea, eta denbora tarte horretan berak eta Udal Gobernu Taldeak egindako lanaren errepasoa egin du. Urtebete pasatu da legegintzaldia hasi zenetik. Zer nolako balantzea egiten duzue urte honi buruz? Balantze positiboa egiten dugu. Nik uste dut kontuan eduki behar dela talde berria izan garela. Herrigintzan, euskalgintzan… esperientzia baduen jendea bazegoen, baina udalgintzan ez genuen esperientziarik. Egia da ere, udaletxeak sekulako erritmoa daukala, oso azkar doa, eta orain, egokitzen hasi garenerako, ohitzen erritmo horretara, urtebete pasatu da. Hala ere, ez dugu ukatuko momentu txarrak izan ez direnik. Momentu gogorrak ere pasatu ditugu. Momentu gogor horietako batzuk, ziur, krisiaren eraginez sortutakoak izan direla. Nola dago egoera? Egia esan krisiak eragina izan du. Aurreko legegintzaldiko kudeaketa jarraitzen hasi ginen. Izan ere, haiek hasi ziren legegintzaldi bukaeran murrizketak egiten. Guk hori jarraitu genuen, eta nahikotzat genituen haiek hartutako neurriak, baina ez zen nahikoa izan. Hala, 2012rako aurrekontuetan murrizketak egin behar izan ditugu. Murrizketa horiek aplikatzea eta jendeari azaltzea gogorra izango zen, ezta? Bai, bai. Garaiak [...]
Agintaldiaren lehenengo urtearen errepasoa egin du alkateak. Momentu onak eta gogorrak bizi izan ditu Udal Gobernu Taldeak epe horretan.
Aiora Perez de San Roman (Oiartzun, 1978) lehen alkate emakumea izan da Oiartzunen. Urtebete darama karguan, ekainaren 11n bete zuen urtea, eta denbora tarte horretan berak eta Udal Gobernu Taldeak egindako lanaren errepasoa egin du.
Urtebete pasatu da legegintzaldia hasi zenetik. Zer nolako balantzea egiten duzue urte honi buruz?
Balantze positiboa egiten dugu. Nik uste dut kontuan eduki behar dela talde berria izan garela. Herrigintzan, euskalgintzan… esperientzia baduen jendea bazegoen, baina udalgintzan ez genuen esperientziarik. Egia da ere, udaletxeak sekulako erritmoa daukala, oso azkar doa, eta orain, egokitzen hasi garenerako, ohitzen erritmo horretara, urtebete pasatu da. Hala ere, ez dugu ukatuko momentu txarrak izan ez direnik. Momentu gogorrak ere pasatu ditugu.
Momentu gogor horietako batzuk, ziur, krisiaren eraginez sortutakoak izan direla. Nola dago egoera?
Egia esan krisiak eragina izan du. Aurreko legegintzaldiko kudeaketa jarraitzen hasi ginen. Izan ere, haiek hasi ziren legegintzaldi bukaeran murrizketak egiten. Guk hori jarraitu genuen, eta nahikotzat genituen haiek hartutako neurriak, baina ez zen nahikoa izan. Hala, 2012rako aurrekontuetan murrizketak egin behar izan ditugu.
Murrizketa horiek aplikatzea eta jendeari azaltzea gogorra izango zen, ezta?
Bai, bai. Garaiak aldatzen ari dira, krisia instituzioetan sartu da bete-betean, hirigintza ere ez da lehen zena… Diru sarrera gutxiago badaude, gastuak murriztu beharrean aurkitzen gara. Batez ere, espero baino diru sarrera gutxiago izateak eragin digu gehien. Adibidez, iaz lur salmenta batzuk espero genituen, baina krisi egoera dela-eta ez ziren bete. Horrez gain, Foru Funtsari itzuli behar dizkiogun 707.000 euroek ere eragin handia izan dute.
Kolpea izango da hori udalarentzat.
Bai, izan da. Gainera, zoritxarrez, ez da aurtengo kontua bakarrik izango. Aurerratu digute diru gutxiago biltzen ari direla, eta jendeak prentsan ere ikusten du hori. Aurreikuspena da legealdi guztian murrizketak egiten jarraituko dugula, sarrerak ere gutxituz joango direlako.
Urtebete honetan, herritarren parte hartzearen aldeko apustua egin duzue, aurrekontuak osatzeko, adibidez. Aurrerantzean, nola gauzatuko da parte hartze hori?
Hasteko, aurrekontuei buruzko bilerak egin genituen auzoetan. Baina beste buelta bat eman nahi diogu aurrekontuen gai horri, parte hartzea gehiago sustatzeko ere. Izan ere, interesgarria da herritarren iritzia jakitea, denen artean aurrekontu txukun batzuk osatzeko, eta are gehiago krisi garaian. Ikusten dugu beste modu batzuk bilatu behar direla.
Auzolana izan daiteke horietako bat. Esan zenuten 2012a ez zela obra handien urtea izango, baina bai berriz ere auzolana sustatzen hastekoa. Altzibarren lan batzuk egiten hasi dira. Jarraituko dute? Beste auzoetan nola gauzatuko da hori?
Aurrekontuekin lotuta, partida berri bat sortu dugu auzolanerako. Aurrekontuak osatzeko auzoetan egin genuen errondan, hainbat egitasmo atera ziren auzoetan. Batzuk dagoeneko martxan jarri dira, Altzibarren adibidez, gazte koadrila batek martxan jarri du. Beste auzoetan ere planteamendu ezberdinak badaude, eta horiek gauzatzeko bidean gaude. Herri mailan, bestalde, proiektu nagusi bezala bidegorria txukuntzea erabaki dugu. Orain uda baino lehen azterketa bat egin nahi dugu zer behar dauden jakiteko eta plagintza bat egiteko. Eta uda ondoren, herritarrekin batera auzolana egin nahi dugu bidegorria txukuntzeko. Azkenean, Oiartzun sakabanatuta dagoen herria da, eta ikusten dugu bidegorria dela herriaren bizkarrezurra. Denek gure sentitzen dugun zerbait da, lotura bezala balio du.
Auzoak lotzeko beste modu bat garraio publikoa da, eta Xorrola sartu da Lurraldebusen azkenean.
Bai, azkenean. Apustua egin dugu herri mailan barneko garraioaren alde. Xorrola eta taxi busarekin bultzada eman diogu horri, eta gainera Xorrola Lurraldebusen sartzea lortu dugu. Aldundiarekin elkarlanean, herriko beste garraioetan ere txartel bakarra erabili ahal izatea da helburua. Oraingoz autobusetan daukagu, Xorrolan ere bai, eta hurrengo urratsa topoa izango litzateke. Ea aukerarik badagoen lortzeko.
Urtea markatu duen beste gaietako bat iazko uholdeak izan dira. Eragin handia izan zuten herrian. Nola dago egoera?
Batetik, laguntzak eskatu genituen aldundian. Aurreikuspen bat iritsi zaigu, eta horren arabera, laguntza bat jasoko dugu. Horrez gain, guk ere uholdeetako partida osatu genuen. Dena batera 300.000 eurotik gora dira, eta uholdeen kalte gehienak behintzat konponduko dira. Batzuk dagoeneko konponduta daude, baina ea denak konpontzerik dugun.
Zuen taldearen beste gai garrantzitsuenetako bat etxebizitza politika da. Hainbat egitasmo martxan daude. Hurrengo urratsak zein izango dira?
Gure helburuetako bat da herritarren beharrei erantzutea. Hainbat egitasmo egin dira, baina alokairu soziala dela erantzun egokiena eman dezakeena, behar gehienak ase ditzakeelako. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari gara egitasmo horiek aurrera ateratzeko. Bitartean, udaletik beste hainbat egitasmo martxan jarri ditugu, etxe hutsen azterketa bat egin dugu, esaterako. Horri ere bultzada eman nahi diogu udaren ondoren. Olaldeko etxebizitzei dagokionez, babes ofizialekoak zozkatuta daude, tasatuak uztailean zozkatzea espero dugu… Beste pauso bat etxe handiak zatitzeko ordenantza izan da. Plenotik pasatu zen, jendaurrean jarri zen eta uztailean jarriko da martxan.
Oiartzungo argazki artxiboa osatzea ere lan garrantzitsua da. Aurreko legegintzalditik zetorren, eta orain bukatu da lehen zatia. Jendearen harrera nolakoa izan da?
Nik uste halako gauzek ilusioa eragiten dutela, eta sentimentalismo puntu bat hartzen dutela. Lehen fasea egin dugu. Txukuntzeko gauzak badaude bilatzaileak, esaterako, zailtasun batzuk ematen ditu. Orokorrean jendeak ilusioarekin hartu du. Lan gogorra izan da, eskuratu, hartu argazkiak, dokumentatu bakoitza (batzuk oso zailak izan dira), digitalizatu… Emaitza txukuna izan da, orokorrean. Eta printzipioz, nik entzun dudana ona izan da. Gero, lanean jarraitzeko asmoa dugu. Lehenengo zati honi jendearen iritzia bildu, zer iruditu zaien, eta hor egin behar diren hobekuntzekin, gero hurrengo faseari ekin.
Atez atekoa finkatuta dago, gutxi gorabehera.
Bai, baina ezin dugu hor geratu. %20ko errefusa dugu, eta horri ere buelta batzuk eman behar dizkiogu. Hainbat alternatiba ditugu mahai gainean, eta ea aurten horiekin zerbait egiten dugun. Sentsibilizazioarekin ere lana dago egiteke oraindik.
Oposizioa gehiago sumatu da aurreko legegintzaldietan, bai udalbatzarretan baita hedabideetan ere. Legegintzaldi honetan lasaiagoa dirudi egoerak. Zein da harremana?
Harremana, nik uste, beste alderdi politikoekin eduki daitekeena dela. Egia da batzuekin besteekin baino harreman gehiago dugula,eta gai batzuetan adostasun gehiago dugu, eta beste batzuetan ez hainbeste. Kontuan izan behar dugu, herritarekin, herriarrekin, eta herriarentzat lanean ari garela, hamahiru zinegotzi gaudela, kolore ezberdinetakoak, herria ere hala delako. Herriari begira lan egin behar dugu, eta dagoen errespetuzko harremanak egon behar du hor, dudarik gabe.
Arau subsidiarioen gaia ere atera da azkeneko udalbatzarretan. Nola dago egoera?
Espainiako Auzitegi Gorenean dago gaia. Kontrakoa esaten ez duen bitartean, indarrean daude arau subsidiarioak. 2007koak daude indarrean, eta 2009koak gero, kontrakorik esan ezean. Plan Orokorra osatzeko asmoa dugu aurten, eta osatuta geratuko lirateke.
Martin Beramendi alkate ohiaren aurkako kereila ere jarrita dago. Zein puntutan dago auzia?
Berme bat jarri da, prozesua hasi ahal izateko. Aurrera doa gaia, poliki-poliki. Epaiaren zain gaude orain.