PSE: “Bilduren hobekuntza gehienak gobernuak martxan jarritakoak dira”
Udal Gobernu Taldeak agintean eman duen urtearen balorazioa egin ostean, PSE-EEk ere bere irakurketa egin du, eta adierazi duenez, “Bilduk aurkeztutako hobekuntzen %90 sozialistek martxan jarri edo zuzendutako proiektu eta lanei dagozkie”. ...
Udal Gobernu Taldeak agintean eman duen urtearen balorazioa egin ostean, PSE-EEk ere bere irakurketa egin du, eta adierazi duenez, “Bilduk aurkeztutako hobekuntzen %90 sozialistek martxan jarri edo zuzendutako proiektu eta lanei dagozkie”. Hala nola, Kaputxinoetako igerilekuak, Gaztañoko Babes Ofizialeko 30 etxebizitzak eta Lurraldebus txartela ezartzea aipatu ditu.
Gobernu taldeak nabarmendutako parte hartzeari dagokionez, “auzo elkarteekin bildu izanaz harro daude, lehen egingo ez balitz bezala”, aipatu du PSE-EEk. Gaineratu duenez, ez du jakin ahal izan bizilagunen eskaerak bete dituzten ala ez, “nahiz eta informazio hori talde politiko guztiek eskatu dugun”.
Maila ekonomikoan, berriz, gobernu taldearen kudeaketak Oarsoaldea baliabiderik gabe utzi duela iritzi dio PSE-EEk, “udalak krisiaren kontra duen tresna eraginkorrena”. Ildo horretatik, enpleguaren egoera konpontzeko “oraingoan hitza betetzea eta elkarrekin talde guztiak batera lan egitea” espero du.
Herri Biziaren gainean ere jardun da, eta hori “gainontzeko talde politiko guztiak baztertuz” sortu duela adierazi du. Ildo horretatik, “publizitatean, plan estrategikoetan eta hondakinen ikerketetan 300.000 euro” gastatu dituela adierazi du PSE-EEk, eta Errenteriako biztanleek benetan behar ez dituzten lehentasuntzat jo ditu.