Gipuzkoa Zero Zabor taldearen ekimenak babes gehiago lortu du
Gipuzkoa Zero Zabor taldeak igandean Donostian egingo duen mosaiko erraldoiak Oarsoaldean eta Bidasoan atxikimenduak jasotzen jarraitzen du. Zurriola hondartzan egingo dute mosaikoa, 12:30ean.
Oiartzungo Udalak bat egin du ekimenarekin. Hala, oiartzuarrei eskatu die mosaikoan parte hartzeko, “Gipuzkoan errauste plantarik ez dugula ez nahi, ezta behar ere aldarrikatzeko”.
Iritzi berekoa da Irungo Bildu. Irundarrei ekimenean parte hartzeko eskatzeaz gain, gogoeta egin du: «Denok sortzen ditugu hondakinak, denok gara arazoaren parte. Izan gaitezen konponbidearen parte ere. Har dezagun gure lekua konponbidean».
Oarsoaldeko errauste plantaren kontrako plataformakoek, bestalde, errauste plantak “osasunean eta ingurumena” sor ditzakeen kalteak gogorarazi ditu. “Ehunka milioi euroko inbertsioa amortizatzeko hamarkadak behar dira”, gaineratu du.