Futbolak oroitzeko balio duelako
Joan den asteburuan jokatu zuten Imanol Artola Oroitaldiaren XXII. ekitaldia, Lezoko Bekoerrota kiroldegiko kantxan. Guztira, 23 taldek hartu zuten parte (32 zen gehienezko kopurua). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hori izan zen txapelketaren alde ilun bakarra; plaza guztiak ez betetzearena, alegia. Larunbateko goizeko hamarretan ekin zioten 24 orduko futbito txapelketari, bezperan Tiñelu elkartean partiden ordutegiak finkatu ondoren. Lehenengo errondatik bigarrenera pasatzeko zozketak egin zituzten, talde gutxiegi zeudelako. Igande eguerdian jokatu zuten finalean, Toloxanju taldea gailendu zitzaion iazko txapeldun Sotxori. Hirugarren postuan bi talde gelditu ziren, ez baitute kontsolamenduko finalik jokatzen: CDT eta Sorgin. Talde bakoitzak trofeo bana eraman zuen, baita bestelako sariak ere. Txapeldunek Etxeberri jatetxean afaria lortu dute, beste finalistek Sagar Zulon izango dute otordua, eta hirugarren izan zirenek arkume bana jasoko dute. Toloxanju taldeko Unai Labakak, gainera, beste afari bat irabazi zuen, Lezoko Carmen jatetxean. Izan ere, bera izan zen txapelketako golegilerik onena, 11 gol sartuta. Oroitaldiaren antolatzaileek aurtengo kiroltasuna nabarmendu dute: “Aurten ere kiroltasun handiz jokatu dute taldeek. Pikeren bat egon da, baina partiden bukaeran eskua eman diote elkarri. Egia esan, bizpahiru urte daramatzagu parte hartzaileak nahigo txintxo dabiltzala”. Horrez gain, ikusleen jarrera txalotu nahi izan dute. Izan ere, jende asko hurbildu zen Bekoerrotara txapelketak iraun zuen orduetan, batez [...]
Joan den asteburuan jokatu zuten Imanol Artola Oroitaldiaren XXII. ekitaldia, Lezoko Bekoerrota kiroldegiko kantxan.
Guztira, 23 taldek hartu zuten parte (32 zen gehienezko kopurua). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hori izan zen txapelketaren alde ilun bakarra; plaza guztiak ez betetzearena, alegia. Larunbateko goizeko hamarretan ekin zioten 24 orduko futbito txapelketari, bezperan Tiñelu elkartean partiden ordutegiak finkatu ondoren. Lehenengo errondatik bigarrenera pasatzeko zozketak egin zituzten, talde gutxiegi zeudelako.
Igande eguerdian jokatu zuten finalean, Toloxanju taldea gailendu zitzaion iazko txapeldun Sotxori. Hirugarren postuan bi talde gelditu ziren, ez baitute kontsolamenduko finalik jokatzen: CDT eta Sorgin. Talde bakoitzak trofeo bana eraman zuen, baita bestelako sariak ere. Txapeldunek Etxeberri jatetxean afaria lortu dute, beste finalistek Sagar Zulon izango dute otordua, eta hirugarren izan zirenek arkume bana jasoko dute.
Toloxanju taldeko Unai Labakak, gainera, beste afari bat irabazi zuen, Lezoko Carmen jatetxean. Izan ere, bera izan zen txapelketako golegilerik onena, 11 gol sartuta.
Oroitaldiaren antolatzaileek aurtengo kiroltasuna nabarmendu dute: “Aurten ere kiroltasun handiz jokatu dute taldeek. Pikeren bat egon da, baina partiden bukaeran eskua eman diote elkarri. Egia esan, bizpahiru urte daramatzagu parte hartzaileak nahigo txintxo dabiltzala”.
Horrez gain, ikusleen jarrera txalotu nahi izan dute. Izan ere, jende asko hurbildu zen Bekoerrotara txapelketak iraun zuen orduetan, batez ere larunbat arratsaldean eta finalean. Horrez gain, Imanol Artola Oroitaldian lan egiten aritu zirenei eskerrak eman dizkiete, bai tabernako barran zerbitzari lanetan aritu direnei, zein partidetan epaile lanetan aritu zirenei.
Hori bai, bitxikeria moduan, talde bat final laurdenetako norgehiagokara ez zen azaldu. Goizaldean jokatu beharra zuten partida…
Josu Susperregi gogoan
Txapelketan zehar ez zuten Imanol Artola bakarrik oroitu. Izan ere, maiatzaren bukaeran hil zen Josu Susperregi ere gogoan eduki zuten. Susperregik hainbat urtez jokatu zuen oroitaldia, eta bere koadrilak jokatu zuen lehenengo partidaren aurretik omenaldi xumea jaso zuen.
Horrela, ate baten atzealdean Susperregiren aurpegia irudikatua zuen pankarta jarri zuten, Maite zaitugu leloarekin. Bere lagunek lore sorta bat jarri zuten ondoan, eta erabili izan zuen kamiseta zintzilikatu zuten. Partidaren aurretik minutu bateko isilunea egin zuten. Momenturik hunkigarriena izan zen.


