Indarplaseko 28 langile greban daude, soldatak kobratzeko eskatuz
Lezoko Indarplaseko 33 langiletatik 28 greban daude. Ekain hasieratik daramate greban, hiru hilabete kobratu gabe daramatzatelako. ELAk adierazi duenez (sindikatu horretakoak dira Enpresa Batzordeko hiru ordezkariak), “paradoxikoa” da hiru ...
Lezoko Indarplaseko 33 langiletatik 28 greban daude. Ekain hasieratik daramate greban, hiru hilabete kobratu gabe daramatzatelako. ELAk adierazi duenez (sindikatu horretakoak dira Enpresa Batzordeko hiru ordezkariak), “paradoxikoa” da hiru hilabete kobratu gabe ematea, “lan karga handia dagoenean”.
Langileek zor dieten hilabete baten erdia eskatzen dute, baita ordainketa egutegi progresibo bat finkatzea ere, soldatak “arrazoizko” modu batean eguneratzeko asmoz. Ildo horretan, enpresari esan diote horrek guztiak Bideragarritasun Plan baten barruan egon behar duela. Sindikatuak, baina, enpresaren jarrerasalatu du. “Ez dute negoziatzeko asmorik”, esan dute. Gainera, enpresa lan karga beste enpresa batzuetara bideratzen ari dela gaitzetsi dute, “eta eskirol batzuen prestutasuna dute horretarako”.
Horregatik, uste dute lan karga handiak eta soldaten ez ordaintzeak enpresa kudeaketa kaskarra dutela atzean. “Irtenbiderik ez bazaio jartzen, etorkizunik ez du izango enpresak”. Izan ere, esan dute enpresa ez dagoela langileekin bakarrik zorpetuta, baita hornitzaileekin ere, “eta diru galera ikaragarriak ditu enpresak horregatik”. Indarplaseko langileek borrokan jarraituko dutela iragarri dute. “Indarplaseko 28 langileren eta euren familien sufrimenduaren kontura finantzatzea da zuzendaritzak aurkitu duen irtenbide ekonomikoa. Ez dugu hori inolaz ere onartuko”, gaineratu dute.
Indarplasek trenetarako elementuak egiten ditu.