Artiola artisautzaren gunea Errenterian egongo da
“Sektorearen baldintzak hobetu, euren lanaren berri eman, eta Gipuzkoako ekonomian toki on bat izateko bidean”, Artiola artisautzaren gunea jarri dute martxan. Gune horrek egoitza Errenteria-Oreretan edukiko du; Merkatuzarren, hain zuzen. Proiektuaren atzean hiru elkarte daude: Ereintza kultur elkartea eta Gabiltza zein Lur artisau elkarteak. Eta hori aurrera eramateko, bi erakunderen laguntza izan dute: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errenteriako Udala. Duela hiru urte eman zituen lehen urratsak Artiolak. Jone Idiazabal Ereintzako kideak azaldu duenez, elkarteak Errenteria-Orereta artisautzaren erreferentzia bilatzea nahi zuen, eta horrez gain, Euskal Herriko Eskulangintza Azokatik harago “bide berriak garatu eta artisautzari bultzada” ematea. Hala, 2007-08an hausnarketa prozesu bat egin zuten Ikertalderekin, eta haren emaitza udalari aurkeztu zioten, eta berak aldundiari. Proiektu hori martxan jarri behar zelakoan, Gabiltza eta Lur taldeekin hasi ziren garatzen. Artisautzaren sektorea txikia da Gipuzkoan—103 artisau daude—, eta “zailtasunak” dituzte Oscar Usetxi aldundiko Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapeneko zuzendari nagusiaren esanetan. Egoera horrek bultzatuta, artisau elkarte zein norbanakoak “lanen aurkezpen, erakusketa eta bestelako ekimenei beste ikuspuntu bat emateko lanean” ibili dira, Juan Carlos Alvarez artisau elkarteetako ordezkariaren arabera. Eta lan horretatik sortu da Artiola. Gune horrekin, horrenbestez, prestakuntza eta ikerketa, kalitatezko erakusketa eta salmenta eta artisautzako ekimenak sustatu nahi dituztela azaldu du. Era berean, “gune irekia” [...]
“Sektorearen baldintzak hobetu, euren lanaren berri eman, eta Gipuzkoako ekonomian toki on bat izateko bidean”, Artiola artisautzaren gunea jarri dute martxan. Gune horrek egoitza Errenteria-Oreretan edukiko du; Merkatuzarren, hain zuzen.
Proiektuaren atzean hiru elkarte daude: Ereintza kultur elkartea eta Gabiltza zein Lur artisau elkarteak. Eta hori aurrera eramateko, bi erakunderen laguntza izan dute: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errenteriako Udala.
Duela hiru urte eman zituen lehen urratsak Artiolak. Jone Idiazabal Ereintzako kideak azaldu duenez, elkarteak Errenteria-Orereta artisautzaren erreferentzia bilatzea nahi zuen, eta horrez gain, Euskal Herriko Eskulangintza Azokatik harago “bide berriak garatu eta artisautzari bultzada” ematea. Hala, 2007-08an hausnarketa prozesu bat egin zuten Ikertalderekin, eta haren emaitza udalari aurkeztu zioten, eta berak aldundiari. Proiektu hori martxan jarri behar zelakoan, Gabiltza eta Lur taldeekin hasi ziren garatzen.
Artisautzaren sektorea txikia da Gipuzkoan—103 artisau daude—, eta “zailtasunak” dituzte Oscar Usetxi aldundiko Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapeneko zuzendari nagusiaren esanetan. Egoera horrek bultzatuta, artisau elkarte zein norbanakoak “lanen aurkezpen, erakusketa eta bestelako ekimenei beste ikuspuntu bat emateko lanean” ibili dira, Juan Carlos Alvarez artisau elkarteetako ordezkariaren arabera. Eta lan horretatik sortu da Artiola.
Gune horrekin, horrenbestez, prestakuntza eta ikerketa, kalitatezko erakusketa eta salmenta eta artisautzako ekimenak sustatu nahi dituztela azaldu du. Era berean, “gune irekia” izatea nahi dute, eta pixkanaka egungo hiru elkarteei beste elkarte eta norbanakoak batzen joatea.
Errenteria, erreferentzia
Gune hori Merkatuzarren kokatuko da, eta ekintzak ere bertan egingo dituzte. Horrenbestez, Errenteria-Orereta eskulangintzaren erreferentzia bihurtzea da asmoa. Julen Mendoza alkateak kontuan hartu du puntu hori, hiriburua ez den beste herri batean egongo delako, eta Ereintzaren Euskal Herriko Eskulangintza Azokak orain arte egin duen lanari aitortza egiten diolako.
Ildo horretatik, dagoeneko ari dira ekintza batzuk egiten herrian, etzira arte ikus daitekeen I. Beira Artistikoaren Jardunaldiak, esaterako. Aurrerago, uztailaren lehen hamabostaldian, udalekuen barruan ehungitza tailerrak egingo dituzte.
Etorkizunera begira ere badituzte ideiak. Alvarezek azaldu duenez, Erdiko Kalea dinamizatu nahi dute, hutsik dauden lokalak berrituz eta horiek artisauen tailer-denda bihurtuz.