Iberdrolak baieztatu du Pasaiako zentral termikoa ixteko asmoa duela
OARSO BIDASOKO HITZAri Iberdrolak esan dio Pasaiako zentral termikoa —Donibanen dago– ixteko asmoa duela. Enpresako komunikazio sailetik esan dutenez, gaur edo bihar ixteko proposamena aurkeztuko dute Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioan, eta horrek hartu beharko du Iberdrolaren eskaeraren gaineko erabakia. Enpresako iturrietatik esan dute erabaki hori bost edo sei hilabete barru emango dutela.
Iberdrolak bi arrazoi eman ditu zentrala ixteko. Batetik energia eskaera jaitsi dela, eta bestetik ingurumen arazoak sortzen dituela. Hala, enpresaren komunikazio sailetik esan dute oraindik ez dakitela zentralarekin harremana duten erakundeekin —inguruko udalak, portua…— enpresaren buruek hitz egin ote duten. 1967an zabaldu zuten Donibaneko zentrala, eta energia sortzeko Errusiatik ekarritako ikatza erabiltzen du: Pasaiako portuaren trafikoaren %20 ingurukoa da ikatz horren joan-etorria.
67 langilek lan egiten dute egun Donibaneko egoitzan. Enpresako komunikazio arduradunek esan dute langile horiei hainbat aukera emango dizkietela. Hala, aurre erretiroak egingo dituztela aurreikusi dute, eta gainontzeko langileei Iberdrolaren beste enpresa batzuetan lanean jarraitzeko aukera emango diete. Santurtziko (Bizkaia) zentral termikoan antzeko prozedura jarraitu dutela nabarmendu dute enpresatik.