Herritarren berotasuna jaso du Gogortzak Basauriko espetxean
Herriraren deialdiari erantzunez, 150 lagunek martxa egin zuten Basauriko (Bizkaia) espetxera herenegun, Aitzol Gogortza gaixo dagoen presoa askatzeko eskatzeko. Errenteria-Oreretatik eta Oiartzundik atera ziren autobusak. Espetxearen atarian elkartu z...
Herriraren deialdiari erantzunez, 150 lagunek martxa egin zuten Basauriko (Bizkaia) espetxera herenegun, Aitzol Gogortza gaixo dagoen presoa askatzeko eskatzeko. Errenteria-Oreretatik eta Oiartzundik atera ziren autobusak.
Espetxearen atarian elkartu ziren guztiak, eta euskal presoak etxeratzea eskatzen duten banderak zein ikurrinak izan zituzten esku artean.
Era berean, Manu Ugartemendia Herrirako kidea Gogortzaren gurasoekin batera espetxeko sarrerara hurbildu zen, zuzendariari gutun bat entregatzeko asmoz; “Gogortzaren eskubide guztien bortxaketarekin bukatzea eta berehalako askatasuna” eskatu nahi zuten gutunarekin. Herrirak azaldu duenez, espetxeko funtzionarioak ez zuen eskutitza jaso.
Herrirak gainera zehaztu du Basaurira hurbildu ziren herritarrek espetxe osoari eman nahi izan ziotela buelta, baina poliziek perimetroari itzulia ematea galarazi zietela. Helburua bete ezin zutela eta, presondegiaren atarian geratu ziren, bi orduz. Bitartean, amnistiaren eta euskal presoen herriratzearen aldeko oihuak bota zituztela adierazi du mugimenduak. Bisita bukatzeko, txalapartaren doinu artean esan zioten agur preso oreretarrari.
Herriraren esanetan, Gogortzak duen gaixotasuna “larria eta sendagaitza” da, eta Espainiako legeen arabera, aske egon behar luke. Zehazki, desoreka obsesibo konpultsiboa du duela hamabi urtetik.