Beiraren eskulangintza zabaltzeko saioak, Merkatuzarren
Beiraren eskulangintza zabaltzea eta sustatzea dute helburu atzo hasi eta hilaren 10era arte Merkatuzarren egingo duten Beira Artistikoaren I. Jardunaldiek. “Modu dekoratiboan ez ezik, beira artistikoak, modu praktikoan eta arkitektonikoan ere aukerak ematen dituela erakutsi nahi dugu, gainera”, azaldu du Igor Obesok, ekimenaren bultzatzaileetakoak. Obesorekin batera, Amaia Sanchez eta Iban Delgado aritu dira jardunaldiak antolatzen. Ekimena, berriz, Artiola egitasmoaren barruan kokatuta dagoela jakinarazi dute. Azken horrek, “artisautzaren gunea” izan nahi du, “artisauen lanari balioa emateko gunea nolabait, euskal artisautza tradizionala ikertzeko eta lehengoratzeko balio nahi duena, gainera”, azaldu du Obesok. Hiru urteko lanaren ondoren, etzi (hilaren 7an) ikusiko du argia Artiolak. Artisauen lana, uztartuta Obesok eman ditu Beira Artistikoaren I. Jardunaldien gaineko xehetasunak. Guztira, lau ildotan banatu dituzte jardunaldi horiek: beira lanen gaineko erakusketa kolektiboa egingo dute jardunaldien barruan batetik, gida eta azalpenekin; hainbat teknika erakusteko beira tailer praktikoak gehitu dizkiote egitarauari, bestetik; beiraren artisautzaren gaineko bideo emanaldi eta hitzaldiak ez dira faltako, hirugarrenik; eta azkenik, jardunaldietan parte hartuko duten artisau guztien teknika eta lana uztartuta lau beirate egingo dituzte. Laugarren ildo horri “proiektua” deitu diote antolatzaileek. “Lau beirateak hilaren 10ean Merkatuzarreko eraikinean kokatuko ditugu, eta bertan geldituko dira betirako”, gaineratu du Obesok. Ateak zabalik Merkatuzarreko ateak zabalik izango dira [...]
Beiraren eskulangintza zabaltzea eta sustatzea dute helburu atzo hasi eta hilaren 10era arte Merkatuzarren egingo duten Beira Artistikoaren I. Jardunaldiek. “Modu dekoratiboan ez ezik, beira artistikoak, modu praktikoan eta arkitektonikoan ere aukerak ematen dituela erakutsi nahi dugu, gainera”, azaldu du Igor Obesok, ekimenaren bultzatzaileetakoak.
Obesorekin batera, Amaia Sanchez eta Iban Delgado aritu dira jardunaldiak antolatzen. Ekimena, berriz, Artiola egitasmoaren barruan kokatuta dagoela jakinarazi dute. Azken horrek, “artisautzaren gunea” izan nahi du, “artisauen lanari balioa emateko gunea nolabait, euskal artisautza tradizionala ikertzeko eta lehengoratzeko balio nahi duena, gainera”, azaldu du Obesok. Hiru urteko lanaren ondoren, etzi (hilaren 7an) ikusiko du argia Artiolak.
Artisauen lana, uztartuta
Obesok eman ditu Beira Artistikoaren I. Jardunaldien gaineko xehetasunak. Guztira, lau ildotan banatu dituzte jardunaldi horiek: beira lanen gaineko erakusketa kolektiboa egingo dute jardunaldien barruan batetik, gida eta azalpenekin; hainbat teknika erakusteko beira tailer praktikoak gehitu dizkiote egitarauari, bestetik; beiraren artisautzaren gaineko bideo emanaldi eta hitzaldiak ez dira faltako, hirugarrenik; eta azkenik, jardunaldietan parte hartuko duten artisau guztien teknika eta lana uztartuta lau beirate egingo dituzte. Laugarren ildo horri “proiektua” deitu diote antolatzaileek. “Lau beirateak hilaren 10ean Merkatuzarreko eraikinean kokatuko ditugu, eta bertan geldituko dira betirako”, gaineratu du Obesok.
Ateak zabalik
Merkatuzarreko ateak zabalik izango dira goiz eta arratsaldez, igandera arte, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Goizak lanerako baliatuko dituzte bertan bilduko diren artisauek, eta arratsaldeetan, berriz, herritarrei begira bisita gidatuak egingo dituzte. “Lan bakoitza egiteko zein teknika erabili den azalduko diegu bisitariei, egiten dugunaren gaineko informazioa emango diegu. Lana zuzenean ikusteko aukera izango dute bisitariek”, azaldu du Obesok.
Jardunaldien gaineko informazioa jaso nahi dutenek beiragileen blogean aurkituko dute. Halaber, aste osoan zehar antolatu dituztenak, eta ekimenean parte hartuko duten beira artisauek egingo dituzten lanen gaineko informazioa zein irudiak bertan zintzilikatuko dituztela zehaztu dute antolatzaileek.
Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, artisautza gune horrek Errenteria-Orereta hautatu izana “ohorea” dela esatearekin batera, Ereintza elkartea artisautzaren gainean egiten ari den lana eskertu du, eta bide horretan udalaren “babes osoa” izango duela jakinarazi du.