Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Donostiako udalek agerraldia egin zuten atzo goizean, Pasaiako Portuak ingurumenari sortzen dizkion kalteei aurre egiteko neurriak hartuko dituztela iragartzeko. Bertan Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen zuzendari Juan Ignacio Escala, Pasaiako Portu Agintaritzako buru Lucio Hernando, Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendari orokor Ainhoa Iraola eta Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria izan dira. Donostiako, Lezoko eta Errenteriako udalen izenean ere aritu da. Erakunde horietako kideak pozik daude adostasuna lortu dutelako.
Pasa den urtarrilaren 9an erakunde horietako teknikoek osatutako mahaia martxan jarriko zutela aipatu zuten. Teknikariek egindako bost jardunaldiren ondoren, euren lanaren fruitua aurkeztu zuten. Horrela, aire kalitatearen azterketa zehatzagoak egingo dituzte, ondoren neurriak hartzeko. Neurgailu mugikor bat erabiliko dute, hiru hilabetez. Lezoko neurgailuaren datuen osagarri izango direla esan du Escalak, “salaketa ugari egin dituztelako bertan”.
Horrez gain, txatarraren manipulazioak eragiten duen hautsa jasoko duen oihalak ere jarriko dituzte, eta kalkulu meteorologikoak egingo dituzte hautsa hobeto saihesteko.
Portuko zarataren neurketa egingo dutela adierazi zuen Iraolak. “Aldundiak urtero egiten du estuarioko uraren kalitatearen azterketa, eta zaratarena ere egingo dugu”, gaineratu zuen.
Aurrera eraman nahi dituzten proiektuen artean, Donibaneko alde zaharreko estolderiaren saneamendua egingo dute. Donostiako Udalak, bere aldetik, Txingurriko errekastoan hartzaileak jarriko ditu. Bestalde, Hernandok esan zuen portutik ateratzen diren kamioien gurpilak garbitzeko sistema ezarri dutela, zikinkeria hedatu ez dezaten.
“Inflexio puntua”
Erakundeen arteko elkarlan horrek “inflexio puntua” izan behar duela nabarmendu zuen Pasaiako alkateak. “Aurrerapausoa izan da erakunde guztiak adostasunera iristea, baina lana ez da hemen bukatuko”, gaineratu zuen Pasaiako badiaren inguruko udalerrien izenean.
Izan ere, erakundeen helburua portuaren inguruan bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzea dela ziurtatu zuen Agirregabiriak. Horretarako, “portuaren eta hiriaren arteko oreka” bilatu behar dela gaineratu zuen. Eskumenen arteko gatazka dela eta, elkarlana “zaila” dela gaineratu zuen alkateak. Gainontzeko erakundeetako ordezkariek elkarlanaren aldeko apustua egin zuten. “Portu Agintaritzaren eta beste instituzioen arteko erlazioen ospe txarrik ez dagoela argi utzi dugu”, esan zuen Hernandok, “ez baitugu mahaian eseri aurretik ezer ere ez itundu”.
Erakunde horien guztien teknikoen mahaia urtarriletik hona bost aldiz bildu bada, datozen bileretarako datak jarri dituzte. Teknikariak hiru hilabetean behin elkartuko dira, eta arduradun politikoak, berriz, sei hilabetero, erabakiak ikuskatzeko.