Gobernu taldearen laikotasun proposamena ez da aurrera atera
Bilduk eta Ezker Anitzak aurkeztutako laikotasun proposamenak ez zuen aurrera egiterik izan herenegungo udalbatzarrean. Proposamena aurkeztu zuten bi alderdien bederatzi bozkak jaso zituen laikotasunaren aldeko adierazpen instituzionalak, eta EAJk, PPk eta PSE-EEk, berriz, kontra egin zuten. Boto bakarragatik, beraz, bertan behera gelditu zen. Haren ordez, PSE-EE alderdiak aurkeztutako emendakinak egin zuen aurrera. Udal Gobernu Taldearen proposamenak, administrazioak, berdintasun eta laikotasun eskubideak bermatu behar dituela zioen. Horrekin batera, ongietorri eta agur ekitaldi zibilak egiteko azpiegiturak eta bitartekoak jartzea proposatzen zuen mozioak; egun ez daude horiek. Eta azkenik, Udalbatzak modu ofizialean erlijio kutsua duten ekimenetan parte ez hartzea jasotzen zuen. Azken puntu horrekin sortu ziren alderdien arteko desadostasunak. Jose Manuel Herzog PPren bozeramaileak “ideologikoa” iritzi zion mozioari, eta tradizio bat ezabatu nahi izatea leporatu zien gobernu taldeko kideei. EAJren bozeramaile Maite Peñak ildo beretik egin zuen bere mintzaldia, eta Udalbatzak madalenetako prozesioan parte hartzen jarraitu behar duela esan zuen, eta hortaz, ez zutela proposamena babestuko, “nahiz eta beste bi puntuekin ados gauden”. PSE-EEk emendakina aurkeztu zion gobernu taldeak plenora eramandako mozioari. Bertan, ongietorri eta agur zibilak bermatzeko azpiegiturak eta bitartekoak jartzeko; estatuaren eta erlijioen arteko harremanaren gaineko eztabaida abiatzeko; eta tradizioa edo garrantziagatik herrian “erreferente diren ekimenetan” udalaren presentzia ofiziala mantentzeko eskatu [...]
Bilduk eta Ezker Anitzak aurkeztutako laikotasun proposamenak ez zuen aurrera egiterik izan herenegungo udalbatzarrean. Proposamena aurkeztu zuten bi alderdien bederatzi bozkak jaso zituen laikotasunaren aldeko adierazpen instituzionalak, eta EAJk, PPk eta PSE-EEk, berriz, kontra egin zuten. Boto bakarragatik, beraz, bertan behera gelditu zen. Haren ordez, PSE-EE alderdiak aurkeztutako emendakinak egin zuen aurrera.
Udal Gobernu Taldearen proposamenak, administrazioak, berdintasun eta laikotasun eskubideak bermatu behar dituela zioen. Horrekin batera, ongietorri eta agur ekitaldi zibilak egiteko azpiegiturak eta bitartekoak jartzea proposatzen zuen mozioak; egun ez daude horiek. Eta azkenik, Udalbatzak modu ofizialean erlijio kutsua duten ekimenetan parte ez hartzea jasotzen zuen. Azken puntu horrekin sortu ziren alderdien arteko desadostasunak.
Jose Manuel Herzog PPren bozeramaileak “ideologikoa” iritzi zion mozioari, eta tradizio bat ezabatu nahi izatea leporatu zien gobernu taldeko kideei. EAJren bozeramaile Maite Peñak ildo beretik egin zuen bere mintzaldia, eta Udalbatzak madalenetako prozesioan parte hartzen jarraitu behar duela esan zuen, eta hortaz, ez zutela proposamena babestuko, “nahiz eta beste bi puntuekin ados gauden”.
PSE-EEk emendakina aurkeztu zion gobernu taldeak plenora eramandako mozioari. Bertan, ongietorri eta agur zibilak bermatzeko azpiegiturak eta bitartekoak jartzeko; estatuaren eta erlijioen arteko harremanaren gaineko eztabaida abiatzeko; eta tradizioa edo garrantziagatik herrian “erreferente diren ekimenetan” udalaren presentzia ofiziala mantentzeko eskatu zuten, “duten kutsu erlijiosoa, kulturala edo kirol mailakoa alde batera utzita”.
Gizarte demokratikoagoa
Laikotasunaren aldeko hautua, “gizarte demokratikoago baten aldeko urratsa” dela defendatu zuen Bilduko Luisma Diezek, bestalde. Harek, “erdibiderik” ez dagoela nabarmendu zuen: “Laikoak gara, edo ez gara. Ezin da, hortaz, gauza batzuetan laikoa izan eta beste batzuetan ez. Guretzat bi oinarri ditu laikotasunak, askatasuna eta berdinatsuna. Sinistun izan edo ez izan aukeratzeko askatasuna eta erlijio guztien arteko berdintasuna, denek betebehar eta eskubide berberak izan behar dituzte”. Funtzio publikoaren eta erlijioen arteko bereizketa aldarrikatu zuen azkenik.
Luze jo zuen gaiaren gaineko eztabaidak. Alderdi politikoetako ordezkariak ez ziren, ordea, eztabaida horretan parte hartu zuten bakarrak izan. Publikoan eserita zeuden Bilgune Feministako ordezkariak, herriko emakume taldeetako kideak, edo Gay eta Lesbianen kolektiboko kideak; azken horien izenean Mikel Martin herritarrak hitz egin zuen. Laikotasunaren Aldeko Gipuzkoako Taldeko ordezkariak ere izan ziren plenoan, baita kristauen iritzia eman nahi izan zuen apaiza ere.
Ildo beretik jo zuten hitza hartu zuten guztiek, baina apaizaren hitzek piztu zuten, ziurrenik, ikusmin gehien pleno aretoan. “Demokrazia eta laizidadea” bat datozela esanda, erlijioa eta sinismenak “arlo pribatuari” dagozkiola gaineratu zuen, eta udalak ez duela horretan sartu behar. Administrazioa eta erlijioen arteko banaketa argi izanik, hitza eta ekintza uztartzeko deia egin zuen, bestalde, “ezin delako gauza bat esan eta kontrakoa egin”.
Prozesioen harira, berriz, ekimen erlijiosoak direla eta laikotasuna errespetatuko bada udalak halakoetan parte hartu ezin duela adierazi zuen apaizak: “Parte hartzen duenak, maila pertsonalean egin beharko luke, baina ez zinegotzi gisa”. Bildu eta Ezker Anitzari eskerrak eman zizkien, bestalde, “mozioa mesedegarria delako guretzat, kristauok ere laikotasunean bizi nahi dugu, kristautasuna bere lekura itzuliko bada eta utziko badio instituzio ierarkiko kaltegarri izateari, laikotasunean bizitzen ohitzen garen heinean izango delako”.
PSE-EEk aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera azkenik, EAJko, PPko, eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin. Ezker Anitzak eta Bilduk kontra egin zuten.
PSEk laikotasunaren proposamenaren kontra
bozkatzea salatu dute
Errenteriako PSE-EEk Udal Gobernu Taldearen proposamenaren kontra bozkatzeko erabakia ez dute ulertu ez Bildu ezta Ezker Anitzak ere, “alderdi laikoa” dela argudiatuta. Hala, Bilduren arabera, “ustez bereak dituen laikotasun printzipioei muzin” egin die PSE-EEk. Ezker Anitzaren iritziz, azaroaren 20ko hauteskundeetarako aurkeztutako egitarauarekin kontraesanean sartu da Errenteriako PSE-EE, eta baita Patxi Lopez lehendakariak duen jarrerarekin ere. Ezker Anitzak gogorarazi duenez, programa horretan esaten zuen botere publikoaren espazioetan “publikoaren eta erlijiosoaren artean ez duela nahasketarik egon behar”.
Bilduk gaineratu duenez, “argi geratu zen Ezker Anitzarekin batera aurkeztutako proposamenak herriko sektore zabalaren babesa duela”. Hala ere, laikotasunaren alde jarraituko duela adierazi du.