Bihartik izena eman daiteke sanmartzialetako koadrilen herri bazkari erraldoirako
Bihartik irekiko dute San Pedro eta San Martzial jaietako koadrilen herri bazkarirako izena emateko epea. Duela gutxi arte zalantzan egon da ekitaldia bera, finantzazio arazoengatik. Azkenean, herri bazkaria egin egingo da, eta aurreko urteetan baino egitarau osatuagoarekin gainera. Betti Gotti Euskara Elkarteak antolatuko du aurten ere, eta Irungo Udaleko Euskara arloaren laguntza izango du. Duela bi hilabete Betti Gotti Euskara Elkartetik laguntza eskatu zuten, sanmartzialetako koadrilen bazkaria bertan behera geratzeko aukera ikusten zutelako. Urtetik urtera parte hartzaileen kopurua handituz joan da, Irungo Udalak emandako diru-laguntza ez bezala. Aurtengo ekitaldirako erakundearen aportazioa txikituko zutela iragarri zuten eta, gauzak horrela, zaila ikusten zuten Betti Gottiko begiraleek antolakuntzari aurre egin ahal izatea. Sinadura bilketa egin zuten eta 1.100 sinadura lortu zituzten bi hilabetetan. Azkenean, gazteak eta udaleko arduradunak konpondu direla dirudi. Hala, aurten ere egingo da Betti Gottik antolatzen duen koadrilen herri bazkari erraldoia. Ficoba erakustazokan izango da ere, ekainaren 23an, eta berrikuntzekin dator: parodia lehiaketa, zezen mekanikoa… eta dagoeneko klasiko bilakatu diren ekintza batzuk ez dira faltako, hala nola, kamiseten lehiaketa, koadrilen olinpiada eta kalejira txarangarekin. Euskara elkartetik adierazi dute “irundarren jai eguna izatea” nahi dutela. Sarreraren prezioa 16 eurokoa izango da eta aste honetako eta hurrengo asteko ostiral eta larunbatetan salgai [...]
Bihartik irekiko dute San Pedro eta San Martzial jaietako koadrilen herri bazkarirako izena emateko epea. Duela gutxi arte zalantzan egon da ekitaldia bera, finantzazio arazoengatik. Azkenean, herri bazkaria egin egingo da, eta aurreko urteetan baino egitarau osatuagoarekin gainera. Betti Gotti Euskara Elkarteak antolatuko du aurten ere, eta Irungo Udaleko Euskara arloaren laguntza izango du.
Duela bi hilabete Betti Gotti Euskara Elkartetik laguntza eskatu zuten, sanmartzialetako koadrilen bazkaria bertan behera geratzeko aukera ikusten zutelako. Urtetik urtera parte hartzaileen kopurua handituz joan da, Irungo Udalak emandako diru-laguntza ez bezala. Aurtengo ekitaldirako erakundearen aportazioa txikituko zutela iragarri zuten eta, gauzak horrela, zaila ikusten zuten Betti Gottiko begiraleek antolakuntzari aurre egin ahal izatea. Sinadura bilketa egin zuten eta 1.100 sinadura lortu zituzten bi hilabetetan. Azkenean, gazteak eta udaleko arduradunak konpondu direla dirudi.
Hala, aurten ere egingo da Betti Gottik antolatzen duen koadrilen herri bazkari erraldoia. Ficoba erakustazokan izango da ere, ekainaren 23an, eta berrikuntzekin dator: parodia lehiaketa, zezen mekanikoa… eta dagoeneko klasiko bilakatu diren ekintza batzuk ez dira faltako, hala nola, kamiseten lehiaketa, koadrilen olinpiada eta kalejira txarangarekin. Euskara elkartetik adierazi dute “irundarren jai eguna izatea” nahi dutela.
Sarreraren prezioa 16 eurokoa izango da eta aste honetako eta hurrengo asteko ostiral eta larunbatetan salgai jarriko dituzte Larretxipi karrikan dagoen EKT-n (ostiraletan 18:30etik 20:30era, eta larunbatetan 11:30etik 13:00etara).
Leku zenbakidunak
Irungo sanmartzialetako herri bazkaria urtetik urtera izugarri hazi den ekimena da, eta antolakuntzaren aldetik Ficoban sartzeko unean lana pilatzen dela azaldu dute Betti Gottitik: “Aurreko urtean ordubete behar izan genuen jendea esertzeko”. Horregatik, aurten sarrera zenbakituak izatea erabaki dute: “Aurtengo herri bazkarian sarreraren zenbakiak garrantzia handia izango du FICOBAn esertzeko lekua markatzen duelako. Antolakuntzak ondo pentsatu du eta egunean bertan sarrera errazteko erabakia izan da. Sarrerak saltzeko denbora galduko dugu, baina ekainaren 23an hobeto ibiliko gara”.
Herri bazkarira doazen gehienek koadrilan joatea nahi izaten dute eta aurten lehenbailen erabaki beharko dute koadrilako zenbat kide joango diren herri bazkarira. “Koadrila bakoitzak bere sarrerak elkarrekin erosi beharko ditu, horretarako, hartzeko momentuan argi izan beharko dute zenbat izango diren zehazki”, argitu dute. Euskara elkartetik adierazi dute ez dituztela koadrilako kideak banatuko; gainera, erakustazokaren sarreran mapa bat jarriko dute, koadrila bakoitzaren kokapena azalduko duena.