Udal Liburutegia 2.0
Joan den astean Ikust Alaia udal liburutegiaren webgune berritua aurkeztu zuten. Udaleko informatika zerbitzuko langileek eta Lanbide Plangintzaren bitartez kontratatutako bi teknikarik prestatu dute, eta Adimedia Komunikazio Interaktiboa enpresa irundarraren laguntza teknikoa izan dute. Webgune berria zaharraren helbide berean bisita daiteke: irun.org/biblioteca. Pedro Alegre Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte Hartzeko zinegotziak webgunea berritzeko beharra zegoela azaldu zuen aurkezpenean: “Azken urteetan Internetek izan duen garapenak orrialde berri bat sortzeko beharra ekarri du, garai berriekin egokitzeko eta 2.0 webguneak ematen dituen aukera berriak ustiatzeko”. Alegrek adierazi zuenez, lehengoaren aldean hobekuntza asko ditu webgune berriak. Esaterako, webaren irisgarritasun estandarrekin betetzeko diseinatuta dago, egitura modernoa du eta irun.org udal webgunearekin koherentzia gordetzen du. Gainera, “dinamikoagoa eta erabilgarriagoa” dela esan zuen Informazioaren Gizarteko ordezkariak. Hala, banerren bitartez, jardueren agenda, albisteak eta gai tematikoen menuetako edukiak agertzen dira, “erabiltzaileentzat interesgarria den informazioa eskainiz, hala nola, titulu berriak, gehien mailegatzen direnak, aholkuak…” 2.0rako prestatuta Sareko zerbitzua berritzean, udal liburutegiaren erabiltzaileek hainbat tresna izango dituzte eskura, Ikust Alaiara joan beharrik gabe. 2.0 webguneak dituen tresnak baliatu ditu: bilatzaileak, RSS edukien sindikazioa, Youtube eta gizarte sareekin loturak… Horrez gain, Haur eta Gazte Liburutegia izeneko atala sortu dute teknikariek, Belen Sierra Kultura Saileko zinegotziak azaldu zuenez: “Proiektu berri honekin aurretik [...]
Joan den astean Ikust Alaia udal liburutegiaren webgune berritua aurkeztu zuten. Udaleko informatika zerbitzuko langileek eta Lanbide Plangintzaren bitartez kontratatutako bi teknikarik prestatu dute, eta Adimedia Komunikazio Interaktiboa enpresa irundarraren laguntza teknikoa izan dute. Webgune berria zaharraren helbide berean bisita daiteke: irun.org/biblioteca.
Pedro Alegre Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte Hartzeko zinegotziak webgunea berritzeko beharra zegoela azaldu zuen aurkezpenean: “Azken urteetan Internetek izan duen garapenak orrialde berri bat sortzeko beharra ekarri du, garai berriekin egokitzeko eta 2.0 webguneak ematen dituen aukera berriak ustiatzeko”.
Alegrek adierazi zuenez, lehengoaren aldean hobekuntza asko ditu webgune berriak. Esaterako, webaren irisgarritasun estandarrekin betetzeko diseinatuta dago, egitura modernoa du eta irun.org udal webgunearekin koherentzia gordetzen du. Gainera, “dinamikoagoa eta erabilgarriagoa” dela esan zuen Informazioaren Gizarteko ordezkariak. Hala, banerren bitartez, jardueren agenda, albisteak eta gai tematikoen menuetako edukiak agertzen dira, “erabiltzaileentzat interesgarria den informazioa eskainiz, hala nola, titulu berriak, gehien mailegatzen direnak, aholkuak…”
2.0rako prestatuta
Sareko zerbitzua berritzean, udal liburutegiaren erabiltzaileek hainbat tresna izango dituzte eskura, Ikust Alaiara joan beharrik gabe. 2.0 webguneak dituen tresnak baliatu ditu: bilatzaileak, RSS edukien sindikazioa, Youtube eta gizarte sareekin loturak…
Horrez gain, Haur eta Gazte Liburutegia izeneko atala sortu dute teknikariek, Belen Sierra Kultura Saileko zinegotziak azaldu zuenez: “Proiektu berri honekin aurretik planteatutako helburu bat lortu dugu; zerbitzu honetan kalitate jauzi bat ematea, eta Ikust Alaiako arduradunek erabiltzaile gazteentzako zerbitzu osagarri bat sortzeko interesa”.
Sierrak esan zuenez, Haur eta Gazte Liburutegia atal berriarekin haur eta gazteentzat erakargarriak diren diseinu eta edukiak prestatu nahi izan dituzte, eta katalogoan egiten diren bilaketak publiko horretara egokitzeko eta bideratzeko prestatu. “Webgune honek ez ditu gurasoak alde batera uzten, tresna eta aholkuak eskaintzen baitizkie”, gaineratu zuen udal ordezkariak.