Heldu den urtean bai, Lehen Mailakoak
Datorren sasoian Espainiako Lehen Mailan jokatuko du Zaisa Irun errugbi taldeak, igoera faseko finalean Bilboko Universitario taldea kanporatu eta gero. Aurreko igandean Bilbon puntu batez irabazi eta gero (17-18), larunbatean irundarrak Plaiaundin bilbotarren gainetik pasatu ziren (19-3). Partida jokatu aurretik Irungo taldeko entrenatzaile Patxi Artolak esan zuen euren arma hoberena irmotasuna dela, emaitzak partida osoan zehar lan egitearen poderioz lortzen ari zirela. Finalerdietan markagailuari buelta emanda menderatu zuten Zaragozako Fenix, eta finaleko joaneko partidan ere atsedenaldian Universitario taldea aurretik zen. Aurten, irundarrak osoago iritsi dira partiden azken minutuetara, eta indartsuago heldu dira denboraldi luzearen azken partidetara ere. Larunbatean Plaiaundiko berdegune irristakorrean aritu zen Universitario taldea, Ligako lehen fasean partida bakarra galdu zuen taldearen karikatura bat izan zen. Eskura oso ondo jokatzen duen taldea da, baina larunbatean Zaisa Irunek ez zion utzi joko hori egiten; defentsan erne eta bizkor aritu ziren beltzak, eta erasoan kementsu. Kanporaketa aurrera ateratzeko bilbotarrek bi punturengatik irabaztea nahikoa zuten, baina urduri irten ziren zelaira. Lehen ordu erdian markagailua mugitu ez bazen ere, baloia bilbotarren zelaian zegoen ia beti, eta minutu asko 22ko lerroaren atzean. Hala, Zaisaren lehen hiru puntuak iritsi ziren, zigor kolpe baten ondorioz. Yoan Anthian ziburuarrak maisuki jaurti zuen baloia. Entsegua garesti zela ikusirik, [...]
Datorren sasoian Espainiako Lehen Mailan jokatuko du Zaisa Irun errugbi taldeak, igoera faseko finalean Bilboko Universitario taldea kanporatu eta gero. Aurreko igandean Bilbon puntu batez irabazi eta gero (17-18), larunbatean irundarrak Plaiaundin bilbotarren gainetik pasatu ziren (19-3).
Partida jokatu aurretik Irungo taldeko entrenatzaile Patxi Artolak esan zuen euren arma hoberena irmotasuna dela, emaitzak partida osoan zehar lan egitearen poderioz lortzen ari zirela. Finalerdietan markagailuari buelta emanda menderatu zuten Zaragozako Fenix, eta finaleko joaneko partidan ere atsedenaldian Universitario taldea aurretik zen. Aurten, irundarrak osoago iritsi dira partiden azken minutuetara, eta indartsuago heldu dira denboraldi luzearen azken partidetara ere.
Larunbatean Plaiaundiko berdegune irristakorrean aritu zen Universitario taldea, Ligako lehen fasean partida bakarra galdu zuen taldearen karikatura bat izan zen. Eskura oso ondo jokatzen duen taldea da, baina larunbatean Zaisa Irunek ez zion utzi joko hori egiten; defentsan erne eta bizkor aritu ziren beltzak, eta erasoan kementsu. Kanporaketa aurrera ateratzeko bilbotarrek bi punturengatik irabaztea nahikoa zuten, baina urduri irten ziren zelaira. Lehen ordu erdian markagailua mugitu ez bazen ere, baloia bilbotarren zelaian zegoen ia beti, eta minutu asko 22ko lerroaren atzean. Hala, Zaisaren lehen hiru puntuak iritsi ziren, zigor kolpe baten ondorioz. Yoan Anthian ziburuarrak maisuki jaurti zuen baloia. Entsegua garesti zela ikusirik, ostikoz saiatu ziren etxekoak eta Anthianek horretan maisu dela erakutsi zuen: beste zigor kolpe bat eta drop bat lortu zituen. Atsedenaldira 9-0 aurretik joan ziren irundarrak.
Akatsak, erabakiorrak
Bitartean, zeruak etenik gabe ura botatzen jarraitzen zuen; miraria zirudien zelaia hain egoera bikainean egotea. Lokatzik ez zen sortu, baina belarra gero eta irristakorrago zegoen, eta edozein akatsek erabaki zezakeen Lehen Mailara zein talde igoko zen.
Epaileak txistua jo bezain pronto hasi zen bilbotarren erasoa. Hogei minutuz baloiaren jabe izan ziren, hiru puntu lortu zituzten eta bi aldiz izan ziren entsegua lortzeko zorian, baina bietan ihes egin zien baloiak. Hori gutxi balitz, Universitarioren atzeko lerrokoen akats bat baliatuz, Anthianek partidako entsegu bakarra lortu zuen (16-3), eta orduan harmailetan festa hasi zen.
80. minutura arte gauzek antzera jarraitu zuten: bilbotarrak saiatu ziren, baina ezin helburua lortu. Irundarrek defentsan sendo jardun zuten eta hankako jokoaz defentsan fin aritu ziren, Universitarioren erasoa 22ko lerrotik behin eta berriz urrunduz. Oraindik denbora bazegoen, baina Bilboko taldeak ez zuen asmatu eta bai ordea Anthianek; beste zigor kolpe bat gauzatu zuen, erraz ahaztuko ez duen arratsalde bat biribilduz —bereak izan ziren Zaisa Irun taldearen 19 puntuak—.