Fiskaltzak 28 urtera jaitsi du Rangelen bikotekide ohiarentzako zigor eskaera
Clara Rangelen bikotekide ohiarentzako zigor eskaera murriztu du Fiskaltzak, 35 urtetik 28 urte eta erdira, “modu arinean alkoholaren eraginpean” zegoela iritzita. Gaur aurkeztu dituzte ondorioak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egiten ari di...
Clara Rangelen bikotekide ohiarentzako zigor eskaera murriztu du Fiskaltzak, 35 urtetik 28 urte eta erdira, “modu arinean alkoholaren eraginpean” zegoela iritzita. Gaur aurkeztu dituzte ondorioak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan. Astelehenean emango dute epaia.
Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako ordezkaritzaren abokatuak mantendu egin du eskaera: 35 urteko espetxe zigorra. Kalte ordain handiagoak eskatu ditu, ordea: 48.000 eurotik 175.000 eurora.
Defentsak, bestalde, absoluzioa eskatu du, “alkoholak eta kokainak eragindako behin-behineko buruko nahasmendua” argudiatuta.
“Erasotzaile profila”
Fiskaltzak ondorioztatu duenez, Rangel hiltzea leporatzen dioten gizonak “erasotzaile profila” dauka. Gaineratu duenez, bere deklarazioa “inkoherentzia eta kontradikzioz beteta” zegoen.
Defentsak, bestalde, “egin zuenaz ez zela jabetu” esan du, eta “horretaz jabetu zenean bere buruz beste egiten” saiatu zela.
Rangelen bikotekide ohiak adierazi du “gertatu den guztiaz damutu” egiten dela.
Rangel 2008ko abenduaren 29an hil zuten, Errenteria-Oreretan labankadaz. Ustezko hiltzaileak Rangel hil izanaz ez dela gogoratzen deklaratu zuen lehen saioan.
Epaia astelehenean
Astelehenean epaia emango dute, eta Berdintasun Kontseiluak elkarretaratzea antolatu du, 20:00etan, Herriko Plazan.