Udalbatzarrak onartu bezala, Tibeteko bandera ikus daiteke gaur udaletxeko balkoian, martxoak 8ko deialdiak gogorarazten dituen aldarriaren ondoan.
Martxoak 8ari lotutako ekimenek jarraipena izan dute asteburuan. Oiartzunen gaur autodefentsa tailerrean bildu dira emakumeak goizean, eta eguerdian Ugaldetxoko Intxixu jatetxean bazkaria izan dute.
Hilaren 17an ospatuko da Donostian Euskaraz Bizi Eguna, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta “euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko”. Egitarau oparoa prest dute antolatzaileek, goiz eta arratsaldez jaiaz gozatzeko. Trinitate Enparantzan ekimen ugari egingo dira eta arratsaldean, Euskalduna naiz eta harro nago lemapean nazio manifestazio “koloretsua”. Eguerdian Konstituzio plazan herri bazkaria eta ilunabarrean hainbat talderen kontzertua iragarri dituzte. Oreretako Euskal Herrian Euskaraz-ek, egun horretarako deialdia luzatu du “Euskal Herria euskaldun eta burujabe baten alde” egiteko.
66.964 zenbakia da saritutakoa, gaur goizean egin duten martxoko zozketa berezian. 100.000 euroko saria du zenbakiak. Lezon ez ezik, Gijonen (Asturias) eta Tenerifen (Kanariar uharteak) saldu dute lehen saria.
Herriko Etxeko Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortuta, eta herriko kultur nahiz kirol elkarteen eta ikastetxeen laguntzarekin, Euskararen Hilabetea ospatzen jarraitzen dute Hendaian. Hendaian urtean zehar antolatzen duten ekimenen artean garrantzitsuenetakoa da. Hilaren 1ean abiatu zuten Euskararen hilabetea, eta gaur goizean, euskarazko ipuinak kontatu dituzte herriko Mediatekan.
Julia Irazuren ibilbidea jaso du Maite Ruiz de Azuak eta Sorkun abeslariarena Karmele Mitxelenak. Bere amonaren bizipenen kontakizunaren bidez, “maestren” ekarpena nabarmendu nahi izan du Ruiz de Azuak, eta Karmele Mitxelenak, berriz, denok ezagutzen dugun abeslariak “gizonezkoen mundu horretan egin duen lana” nabarmentzen aldera idatzi du lana. Gaur goizean banatu dituzte sariak, Xenpelar Etxean. Mari Asun Landaren eskutik jaso dute saria Ruiz de Azuak eta Mitxelenak, eta biei idazten jarraitzeko eskatu die Landak. Errenteriako Udalaren Berdintasun Kontseiluak antolatzen du Mari Asun Landa Saria. Aurtengoa sariketaren bigarren aldia izan da. Martxoak 8aren ospakizunen testuinguruan txertatua, sariek emakumeek herriari egindako ekarpena aitortu eta zabaldu nahi dute, kazetaritza lanen bidez. Sari banaketaren aurretik, gaur, Xenpelar Etxean bertan ikusgai dagoen Skolastika arte bildumaren erakusketaren bisita gidatua izan da. Ondoren, Elixabete Perez Gaztekuk hitzaldia eskaini du, iaz Mari Asun Landa Sarietako protagonista izan zen Joxepa Antoni Aranbarriren ibilbidean sakontzeko.
Kirol Arrantza eta Kasting Euskal Federazioak antolatuta, Euskadiko Arrantza Txapelketa jokatzen ari da Hondarribiko hondartzan. U16, U21 eta emakumezkoen mailak ari dira lehian, eta gaueko hamarrak arte luzatuko dute txapelketa.
X. urtez jarraian zazpi kilometro osatu dituzte lasterka Jose Gonzalez Cano suhiltzailearen omenez bere lankide izandakoek. Gonzalez Cano lan istripuz hil zen, eta ordutik ospatzen da urtero bere omenezko lasterketa. Aurten ehundik gora parte hartzaile izan dira eta tartean zeuden lasterketa bostetan irabazitako Cesar Perez eta 2006an lasterketaren marka lortutako Andres martinez. Lasterketa suhiltzaileen parkean izan du irteera eta helmuga.
Gironako Unibertsitateko Xoriguers Colla Castellera Universitaria taldeak Castellara erakustaldia egin du gaur goizean, Santigo kalean. Maila ezberdinetako giza dorreak eraiki dituzte, eta herritarrek txalo zaparrada artean zoriondu dituzte katalanak. Haur, gazte eta helduek parte hartu dute giza dorreak egiten.