Oarsoaldeko abonatuek komeni zaien igerilekua erabiliko dute martxoan
Martxoaren 1ean hasita eta hilabetez, Oarsoaldeko kirol guneetako abonatuek Errenteria, Lezo eta Oiartzungo igerilekuak erabiltzeko aukera izango dute, zein herritakoak diren kontuan hartu gabe. Atzo Pasai Donibaneko Arizabalo jauregian aurkeztutako programa pilotuaren bitartez, eskualdeko kirol zerbitzuak partekatzeko aukerak aztertu nahi dituzte. Ekimenak Errenteria, Oiartzun eta Lezoko udaletako kirol patronatuetako, Trintxerpe kirolguneko eta Donibaneko kiroldegiko abonatuei eragiten die, eta erabili ditzaketen igerilekuak Errenteriako Galtzaraborda eta Fanderia, Oiartzungo Elorsoro eta Lezoko Altzate dira. Aurkezpenean adierazi zutenez, esperientziaren emaitzaren arabera ez dute baztertzen aurrerago ekimena errepikatzea, edo beste kirol azpiegitura zein jardueretara zabaltzea, ikastaroetara esaterako. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Udaleko zinegotziaren arabera, programak «bide bati ekiteko borondatea» agertzen du: “Abiapuntua da, ez helmuga”. Pasaitarrentzat Amaia Esnarriaga pasaitarra pozik zegoen atzoko aurkezpenean, eta ez zuen ukatu pasaitarrak direla “gehien irabazten” dutenak, “Pasaia delako igerilekurik ez duen Oarsoaldeko herri bakarra”. Nolanahi ere, igerilekuekin hasitakoa beste instalazioetara zabaltzea buruan dutela gogoratu du Trintxerpeko alkateordeak. Zentzu berean mintzatu zen Jon Oihan Tello Oiartzungo Udaleko kirol ordezkaria: “Ezin genuen Pasaia kanpoan utzi, asmoa delako Oarsoaldean kirol jarduerak bateratzea”, esan zuen, eta Eskola Kirola jarri zuen adibide bezala. Oiartzuarrek ere martxoan asko izango dute irabazteko, larunbatetan Elorsoroko ordutegia murritzagoa delako. Hala, oiartzuarrek Lezoko eta Errenteriako igerilekuak erabili ahal izango [...]
Martxoaren 1ean hasita eta hilabetez, Oarsoaldeko kirol guneetako abonatuek Errenteria, Lezo eta Oiartzungo igerilekuak erabiltzeko aukera izango dute, zein herritakoak diren kontuan hartu gabe. Atzo Pasai Donibaneko Arizabalo jauregian aurkeztutako programa pilotuaren bitartez, eskualdeko kirol zerbitzuak partekatzeko aukerak aztertu nahi dituzte.
Ekimenak Errenteria, Oiartzun eta Lezoko udaletako kirol patronatuetako, Trintxerpe kirolguneko eta Donibaneko kiroldegiko abonatuei eragiten die, eta erabili ditzaketen igerilekuak Errenteriako Galtzaraborda eta Fanderia, Oiartzungo Elorsoro eta Lezoko Altzate dira. Aurkezpenean adierazi zutenez, esperientziaren emaitzaren arabera ez dute baztertzen aurrerago ekimena errepikatzea, edo beste kirol azpiegitura zein jardueretara zabaltzea, ikastaroetara esaterako. Jose Manuel Ferradas Errenteriako Udaleko zinegotziaren arabera, programak «bide bati ekiteko borondatea» agertzen du: “Abiapuntua da, ez helmuga”.
Pasaitarrentzat
Amaia Esnarriaga pasaitarra pozik zegoen atzoko aurkezpenean, eta ez zuen ukatu pasaitarrak direla “gehien irabazten” dutenak, “Pasaia delako igerilekurik ez duen Oarsoaldeko herri bakarra”. Nolanahi ere, igerilekuekin hasitakoa beste instalazioetara zabaltzea buruan dutela gogoratu du Trintxerpeko alkateordeak.
Zentzu berean mintzatu zen Jon Oihan Tello Oiartzungo Udaleko kirol ordezkaria: “Ezin genuen Pasaia kanpoan utzi, asmoa delako Oarsoaldean kirol jarduerak bateratzea”, esan zuen, eta Eskola Kirola jarri zuen adibide bezala.
Oiartzuarrek ere martxoan asko izango dute irabazteko, larunbatetan Elorsoroko ordutegia murritzagoa delako. Hala, oiartzuarrek Lezoko eta Errenteriako igerilekuak erabili ahal izango dituzte martxoko larunbatetan, Oiartzungo kirol patronatuko bazkide txartela erakutsita.
Oiartzungo zinegotziak gogoratu zuen enpresa berberak Lezo eta Oiartzungo udal kirol azpiegiturak kudeatu eta zerbitzu batzuk bateratu zituztela aspaldi. “Baina ezin da oraingoarekin alderatu”, gaineratu zuen, “Lezok garai hartan igerilekurik ez baitzuen”.
Proba pilotua izango denez, erabiltzaile mugimenduen orain arteko daturik ez dituzte, “eta horretarako ere balioko” duela aipatu zuen Ferradasek: “Nolabaiteko jario bat dagoela sentitzen dugu, baina sentsazioak besterik ez ditugu. Datuak objektibizatzeko baliagarria izango da”.