Irrien Lagunak egitasmoaren berri emango dute Pasaian eta Lezon
Irrien Lagunen barruko bilera irekiak antolatu dituzte aste honetan Oarsoaldean. Gaur arratsaldean San Pedron egingo dute bilera hori, eta bihar, berriz, Lezon.
Aisialdi egitasmoaren aurkezpena egitearen ardura edukiko dutenak Porrotx pailazoa eta SorGunea ikerketa taldeko kideak izango dira. Azken hori HUHEZIko fakultateko parte da (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea).
Lezoko aurkezpena Gezala Auditoriumean izango da, eta San Pedrokoa Udal Aretoan. Biak ala biak 19:00etatik aurrera izango dira.
Proiektua “hezitzailea, euskalduna, herritarra eta parte hartzailea” dela diote arduradunek, eta helburuak honakoak dira: herrigintza sarea indartzea, euskal komunitatea trinkotzea, kultura sustatzea, parte hartze eta berdintasun ereduak sozializatu eta praktikan jartzea, eta herria biziberritzea. Proiektua aurrera eramateko, Pasaiako, Lezoko, Oiartzungo eta Errenteriako taldeak elkarlanean ariko dira.
Irrien Lagunak-ek orain hiru urte zabaldu zituen ateak umeei aisialdirako euskarazko produktuak eskaintzeko. www.irrienlagunak.com webgunea eta Irria aldizkaria jarri dituzte martxan, baita Irrien Lagunen Festa eta Zeraingo barnetegia ere.