Elkartasuna adierazi die Pasaiako Udalak erasoak salatu dituztenei
Azken asteetan Pasaian egin diren ustezko eraso sexisten salaketen harira, Pasaiako gobernu taldeak adierazpena plazaratu du. Lehenik eta behin, eraso salaketak jarri dituzten emakumeei zein euren senideei eta lagunei elkartasuna adierazi diete. Horrez...
Azken asteetan Pasaian egin diren ustezko eraso sexisten salaketen harira, Pasaiako gobernu taldeak adierazpena plazaratu du. Lehenik eta behin, eraso salaketak jarri dituzten emakumeei zein euren senideei eta lagunei elkartasuna adierazi diete. Horrez gain, kasu horietarako udalak duen protokoloa martxan jarri zutela jakinarazi dute.
Indarkeria matxistaren arazoa Pasaian soilik ez dagoela adierazi dute, “gizarte osoan baizik”. Horrela, biolentzia mota hori “gure gizartean oso errotuta dagoen gaitza” dela esan dute, “eta zoritxarrez, ez da gure herrian bakarrik gertatzen den fenomeno bat”. Gainera, “are larriagoa” den gauza bat gaitzetsi dute: salatzen ez diren kasuak. Horrela, udalak herritar guztiak gonbidatu ditu abian jarriko dituzten prebentzio eta sentsibilizazio programetan parte hartzera, “guztion artean indarkeria matxistarik gabeko gizarte eredugarri bat lortzeko bidean aurrera egin dezagun”.
Udalak komunikabideei dei egin die ustezko erasoa jasan dutenen eta ingurukoen intimitatea babesteko. Hedabideei prebentzioan eta sentsibilizazioan paper garrantzitsua dutela aitortu die udalak, baina arretaz jokatzeko eskatu die, “erasoa bigarrenez jasan ez dezaten”.