Dejaburen ‘Gure bide galduak’ lanak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Errenteria-Oreretako Dejabu panpin laborategiaren Gure bide galduak antzezlana saritu dute: Donostia Antzerki Saria eman diote. Epaimahaiaren arabera, sormen propioko lana dela izan dute kontuan, baita zuzendaritza lana eta soiltasuna ere. Izan ere, la...
Errenteria-Oreretako Dejabu panpin laborategiaren Gure bide galduak antzezlana saritu dute: Donostia Antzerki Saria eman diote. Epaimahaiaren arabera, sormen propioko lana dela izan dute kontuan, baita zuzendaritza lana eta soiltasuna ere. Izan ere, lana ideia sinple batetik konplexutasunera doala adierazi du epaimahaiak.
Zehazki, 10.000 euro eta Txiki Agirre artistaren margolan bat biltzen ditu sariak. Ondoren, 2015. urtera arteko epea izango du taldeak hirian beste antzezlan bat aurkezteko.
Dejabu pozik dago sariarekin. Miren Alcala kidearen arabera, sorpresarekin hartu dute, ez baitzuten sarietan pentsatu lanaren sorrera prozesuan. Hala ere, euren sormen lan bat dela kontuan hartuta, pozik azaldu da.
Atzo ezagutarazi zuten zein obra izan den irabazlea, baina saria bera martxoaren 27an jasoko dute Dejabuko kideek Viktoria Eugenia antzokian. Ondoren, lan garailea antzeztuko dute.
Konpainian ohikoa den errealismo magikoa erabiltzen dute obra horretan, eta Euskal Herriko historia hurbila da abiapuntua: Franco hil ondorengo lehen urteak. Bost aktore eta gitarrista batek parte hartzen dute lan horretan.