Bost lagun atxilotu dituzte heroina banatzea leporatuta
Bost lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak asteburuan Errenteria-Oreretan eta Andoainen (Gipuzkoa) heroina banatzea egotzita. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzaren arabera, 107 gramo heroina eta 21 gramo kokaina atzeman dizkiete bi etxebizitzatan ...
Bost lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak asteburuan Errenteria-Oreretan eta Andoainen (Gipuzkoa) heroina banatzea egotzita. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzaren arabera, 107 gramo heroina eta 21 gramo kokaina atzeman dizkiete bi etxebizitzatan egindako miaketetan. Gaineratu duenez, horietako batean “itxurazko pistola bat” aurkitu dute. Txapeldun izena jarri dioten operazioan, Guardia Zibilak adierazi du “erdigunea Errenterian zuen banaketa kanal bat” deuseztatu duela.
Atxilotutakoetatik lau, gizonak dira, 52 eta 45 urte artekoak, eta aurrekariak zituzten. Bestea, emakumea, 22 urtekoa da. Guztiak, Errenteria-Oreretan eta Andoainen bizi ziren.
EAEko ordezkaritzak azaldu duenez, droga Madrildik ekartzen zuten, ipurtestean gordeta. Modu horretara, polizia kontroletan droga atzematea saihesten zuten.
Errenterian duela urtebetetik ari zirela droga banatzen jakinarazi du ordezkaritzak, eta batik bat heroina banatzen bazuten ere, heroina eta kokaina nahastutako dosiak ere prestatzen zituztela, speedball deitutakoak. Donostiako epaitegiaren esku utzi dituzte atxilotuak.