Orioko traineru jaitsieran, Hondarribia. Argazkia: Luis Lizarralde
Hondarribiak irabazi du Orioko Traineru Jaitsiera mutiletan, eta San Juanek nesketan
Arraunarekin lotutako festa handia egin zuten larunbatean Orion, eta festa horretako izar nagusiak Oarso Bidasoko traineruak izan ziren. Hainbat ekitaldiren artean Oria Ibaiko XVIII. Traineru Jaitsiera egin zuten: mutiletan Hondarribiko A traineruak irabazi zuen lehia hori (20:36), San Juan A bigarrena izan zen (20:48), eta San Pedro A laugarrena, Urdaibairen atzetik, baina bizkaitarren denbora berberarekin (20:51). Nesketan, San Juanek irabazi zuen estropada (15:59), Hondarribia laugarrena izan zen (16:22), eta Hibaika, seigarrena (16:30).
6.000 metroko bidea (ziabogarik gabe) egin zuten gizonen traineruek larunbatean. 4.000 metrokoa, berriz, emakumeek. Hartara, maila guztietako 55k traineruk bukatu zuten proba, eta hainbeste parte hartzaile izanda —Kantabriako traineru indartsuenek ez zuten parte hartu—, Oarso Bidasoko ontziek lortutako denborak oso onak izan ziren. Hala ere, emaitza horiek uztailean edo abuztuan lortu izan balituzte, pozarren leudeke Oarso Bidasoko arraun elkarteetako ordezkariak. Otsaila denez, pozik, baina zuhurtziaz hartu behar dituzte neguko garaipen horiek.
Trintxerperen bi garaipen Gipuzkoako Batel Ligan
Gipuzkoako Batel Ligaren barruko seigarren estropada jokatu zuten larunbatean Deban. Bertan, berriz ere, Oarsoaldeko ontzien lana ona izan zen. Hala, Gazte Mailan, nesketan, Trintxerpe-Illunbek irabazi zuen lehia, eta San Pedro bigarrena izan zen. Kategoria horretan, baina mutiletan, trintxerpetarrak igo ziren ere podiumaren koskarik altuenera.
Mutilen Kadete Mailan Hibaika izan zen lehena, San Juan bigarrenari zortzi segundoko aldea atera ziolako. Errenteriarren batela bigarrena izan zen nesken Haur-Kadete Mailako estropadan, eta mutilen haurretan, San Pedroko ontziak bigarren postua lortu zuen, Tolosaldearen atzetik.