Hendaia, Trintxerpe eta Errenteria-Oreretan inauterietako azken ekintzak egin dituzte asteburuan. Aurten soinean eramandako mozorroak armairuan sartzeko garaia heldu da, datorren urteko inauterietan berriro ateratzeko.
Luze iraun dute inauteriek Oarso Bidasoan, hiru aste luze, eta agur esatea zaila izan bada ere, garaia iritsi da denbora horretan jantzitako mozorroak armairuan sartzeko, datorren urtera arte.
Trintxerpe, Hendaia eta Errenteria-Orereta izan dira azkenak inauteriak agurtzen. Trintxerpen urtero legez desfilea egin zuten konpartsek larunbatean eta herenegun; kolorez eta dantzez jantzi zuten barrutia. Inauterien barruko beste ekitaldiak ere jendetsuak izan ziren.
Hendaian larunbatean esan zieten agur inauteriei. Krakada eta zintzur bustitzearen ostean, musika nagusitu zen CEL 3 eta Patxamama taldeekin. Mozorro onenak ere aukeratu zituzten.
Herenegun, Errenteria-Oreretaren txanda iritsi zen. Orereta Ikastolako inude eta artzainekin hurrengo urtera arte esan zieten inauteriei. Konpartsek ere desfilea egin zuten, pasa den astean euriak ez zien utzi desfilatzen, eta herenegun ibili ziren kaleetatik.