Ulia-Jaizkibel eremuaren kudeaketa plana martxan jartzeko eskatu du Lezoko Natura 2000k
Lezoko Natura 2000 taldeak Ulia-Jaizkibel eremuko kudeaketa plana martxan jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetzako zuzendari German Alonsori. Eremu hori Europako Natura 2000 Sarean sartuta dago, eta Lezoko taldea...
Lezoko Natura 2000 taldeak Ulia-Jaizkibel eremuko kudeaketa plana martxan jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetzako zuzendari German Alonsori. Eremu hori Europako Natura 2000 Sarean sartuta dago, eta Lezoko taldearen arabera, “kudeaketa planak abiatua behar zuen honezkero”. Adierazi dutenez, orain dela urtebete baino gehiago bukatu zuten kudeaketa plana ingurumen teknikariek, “eta plan horrek Alonsoren eskuetan jarraitzen du, epe guztiak lotsagabeki gaindituz”.
Iazko martxoaren 15ean, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean, Alonsori berari galdetu zioten gai horri buruz. Orudan Bioanizasun eta Ingurumen Partaidetzako zuzendariak Natura 2000 Sareko izendapenak “bide onean” zeudela esan zuen. “Bertan agindutakoa ez du bete gai honi dagokionez”, gaineratu dute.
Horregatik, German Alonsori eskaera gutun bat bidali zioten taldekoek, gai horri “berehalako” irtenbide bat emateko. Herriko hainbat talderen atxikimendua jaso zuten eskaera hori egiterakoan. Horrez gain, Donostiako, Pasaiako eta Hondarribiko udalei, zein Gipuzkoako Foru Aldundiari ekimen horrenberri eman diete, “beraiek ere, ahal den neurrian, pausoak eman ditzaten”. Izan ere, erakundeek aurrerapausoak emateko “guztien bultzada” beharrezkoa dela iritzi dute.

