Udalak Añarbeko erreserba eremua ez atzeratzeko eskatu dio aldundiari
Errenteriako Ingurumen Sailak idatzi bat bidali du Gipuzkoako Foru Aldundira bilera bat eskatzeko. Bertan, ingurumeneko beste hainbat gairen artean, eskaera nagusi bat egingo dio aldundiari: Añarbeko erreserba eremuaren sorrera gehiago ez atzeratzeko. Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak garrantzitsutzat jo du eremu hori babestea, klima erregulatzeko, ur horniketarako eta inguruko bioaniztasuna zaintzeko “ezinbesteko gune naturala” delako. Ferradasek gogorarazi du 1.700 hektarea dituela inguruak, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko harizti handiena daukala. Hori ez da, baina, eskaera bakarra izango: Listorretako atseden lekuan inbertsioak egiteko galdegingo dio Julian Unanue Mendi eta Natura Ingurunearen zuzendari nagusiari. Inbertsio horiek baso naturaletan (harizti eta pagadiak), ibaietan, larreetan, Aiako Harriko Natur Parkea eta Kontserbazio Gune Bereziaren erabilera publikoan ere egiteko eskatuko dio. Baso eta ibaietan, inbertsioak Inbertsio hori, hala nola, harizti eta pagadien eta ibai eta erreken egoera ona mantentzeko basolanetara bideratzea da Ferradasen proposamena. Horrez gain, anfibioentzako bi hezegune eraikitzeko ere eskatuko du. Ehiza eta larreetako plana egiteko ere proposatuko du Ingurumen zinegotziak. Ehizarekin lotuta, ezkutuko ehizaren, distantzien eta legez kanpoko ehiza postuen kontrola areagotzea da asmoa. Larreei dagokionez, berriz, Aldura, Pertsele, Otsarte eta Malbazar inguruan larreak sortzeko lanak egitea (askaren bat, itxiturak, garbiketak…), eta legez kanpoko abeltzainen kontrola areagotzea. Añarbeko erreserba gunearen gaineko komunikazio kanpaina ere [...]
Errenteriako Ingurumen Sailak idatzi bat bidali du Gipuzkoako Foru Aldundira bilera bat eskatzeko. Bertan, ingurumeneko beste hainbat gairen artean, eskaera nagusi bat egingo dio aldundiari: Añarbeko erreserba eremuaren sorrera gehiago ez atzeratzeko.
Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak garrantzitsutzat jo du eremu hori babestea, klima erregulatzeko, ur horniketarako eta inguruko bioaniztasuna zaintzeko “ezinbesteko gune naturala” delako. Ferradasek gogorarazi du 1.700 hektarea dituela inguruak, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko harizti handiena daukala.
Hori ez da, baina, eskaera bakarra izango: Listorretako atseden lekuan inbertsioak egiteko galdegingo dio Julian Unanue Mendi eta Natura Ingurunearen zuzendari nagusiari. Inbertsio horiek baso naturaletan (harizti eta pagadiak), ibaietan, larreetan, Aiako Harriko Natur Parkea eta Kontserbazio Gune Bereziaren erabilera publikoan ere egiteko eskatuko dio.
Baso eta ibaietan, inbertsioak
Inbertsio hori, hala nola, harizti eta pagadien eta ibai eta erreken egoera ona mantentzeko basolanetara bideratzea da Ferradasen proposamena. Horrez gain, anfibioentzako bi hezegune eraikitzeko ere eskatuko du.
Ehiza eta larreetako plana egiteko ere proposatuko du Ingurumen zinegotziak. Ehizarekin lotuta, ezkutuko ehizaren, distantzien eta legez kanpoko ehiza postuen kontrola areagotzea da asmoa.
Larreei dagokionez, berriz, Aldura, Pertsele, Otsarte eta Malbazar inguruan larreak sortzeko lanak egitea (askaren bat, itxiturak, garbiketak…), eta legez kanpoko abeltzainen kontrola areagotzea.
Añarbeko erreserba gunearen gaineko komunikazio kanpaina ere martxan jartzeko eskatuko du Ferradasek: Añarbeko Mankomunitatean, Errenteria eta Donostiako udaletan eta parke naturaleko organo kudeatzailean.