Mila kolorez bete dute Ostegunzuria
Triste antzean, zerua lainotuta, esnatu zen atzoko eguna. Hala ere, itxuraz tristea izango zen eguna alaitu zuten arratsaldean, Oarsoaldean zein Bidasoan. Izan ere, atzo arratsaldean hasi ziren inauteriak hainbat herritan, bakoitza bere moduan.
Lezori dagokionez, Trapujalek iragarri zuen atzo arratsaldean inauterien etorrera. Ohi bezala, lehendabizi Herri Eskolara iritsi zen pertsonairik esanguratsuena. Iluntzean, berriz, Martizkone baserritik abiatu zen Trapujale, Alde Zaharreko joaldunek lagunduta, eta Gurutze Santuaren plazan pregoia eta arranpuila egin zituzten. Horrela, mila kolorez margotu zuten Ostegunzuria.
Azken bost urteetan bezala, Trapujale oroigarria banatu zuten udaletxean. Aurten, Martizkone baserrikoei eman diete, urteetan emandako laguntzarengatik. Trapujaleren etorrera ekitaldiaren hasieran ez ezik, bukaeran ere izan zuten protagonismoa baserrikoek.
Irunen ere, joaldunak
Lezon bezala, Irunen ere joaleen hotsek iragarri zuten inauterien hasiera. Alberto Angera plazatik irten ziren, Zabaltza plaza aldera, eta han musika eskolako banda eta Bidasoko txarangarekin elkartu ziren. Ondoren, Erraldoien balsa dantzatu zuten.
Errenteria-Oreretan ere dantza batekin hasi dituzte inauteriak: Azeri dantza-rekin. Herriko kaleetatik ibili ziren Ereintzako kideak, neskak mutilez jantzita, eta alderantziz. Gaur goizean Orereta Ikastolak euskal inauteria irudikatuko du.