![Inauterietako desfilea](http://oarsobidasoa.hitza.info/files/2012/02/Inaueritako_desfilea_Gazte1-1024x768.jpg)
Ostegun gizena,
Azeri dantza eta inauteriak batuko ditu gaurko egunak, eta
sei eguneko jaiaren hasiera izango da Errenteria-Oreretan.
Azeri dantza 19:00etan irtengo da Ereintzaren elkartetik, eta Erdialdeko kaleak igaro ondoren, 20:15ean iritsiko da Herriko Enparantzara. “Urtero bezala ganberrokeriak ez dira faltako”, iragarri du kultur elkarteak.
Ereintzak izan ezik, Oreretako Txosna Batzordeak ere
Azeri dantza-n parte hartzeko deia egin du, eta horrez gain, biharko eta etzirako ekintzak prestatu ditu. Biharko, Nafaharrotasun Eguna prestatu dute, eta poteo-konkista egingo dute Oñatiarra tabernatik hasita, 20:30ean. 00:00etan, DJak izango dira gaztetxean. Hurrengo egunean, mozorro-lehiaketa eta poteoa egingo dute, 17:00etan, Oñatiarratik hasita.
Etzi, 18:30ean, konpartsen desfilea aterako da Iztietatik. Erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte euren mozorro eta dantzekin Danza-rinek, udal ludotekak, Kaosek eta Telleri ikastetxeko gurasoen elkarteak. Indarrei eutsiz, igandean ere (12:00etan) ibiliko dira kaleetan, baina bost konpartsa batuko zaizkie: Furius, Odissey, Eureka eta Alaia elkarteak, eta Show time.
Gazteak ez ezik, helduenak ere animatuko dira festara, zaharren egoitzak bost eguneko egitaraua antolatu baitu. Gaur, 17:30ean, etxeko kaldereroak izango dira jangela nagusian, eta bihar, ordu eta toki berean, bingo berezia egingo dute. Hurrengo egunean, berriz, Gaztelekuko gazteen bisita jasoko dute, 17:30ean. Astelehenean eta asteartean jarraituko dute ekintzekin, bi egunetan 17:30ean: batean, inauterietako desfilea egingo dute, eta bestean, txokolate jatea eta sardinaren ehorzketa.
Txintxarri elkartearen barrikotea izango da beste ohiko ekintzetako bat, etzi, 21:00etan. Txartelak 20 eurotan eros daitezke De Cyne Reynan, Irrintzin, Arkaitzan eta Mikelazulon. Mozorrotuta joateko deia egin dute.
Ikastetxeak ere ez dira atzean geldituko, eta bihar festa handia izango dute. Koldo Mitxelenako ikasle eta irakasleak desfilean aterako dira, 11:30ean. Aurtengo gaia Errenteria Ezagutzen izango da, eta karrozarekin batera, buruhandiz, Xanti eta Maialenez, gailetaz eta herriarekin lotutako beste zenbait elementurekin mozorrotuko dira 600 lagun.
Langaitzekoek ere euskal inauterien desfilea egingo dute arratsaldez auzoan zehar. Tellerin aste osoan zehar egiten ari dira inauteriekin lotutako ekintzak euskal astearen barruan, eta euskal piratez mozorrotuko dira. Bihar piratek bisitatuko dute ikastetxea, 16:15ean. Gamonen, denboraren tunelarekin lotutako jaialdia prestatu dute goizerako.
Haur Pirata Festa San Pedron
Bihar goizean, inauterietako egitaraua txikienen eskutik helduko da Antxo eta San Pedrora. Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek euskal inauterietako dantza eta doinuak eramango dituzte bi barrutietara.
Arratsaldean, berriz, piratek abordatuko dute San Pedro. Inauterien barruan eta Itsas Gelak antolatuta, 17:30ean hasi eta bi orduz, Haur Piraten Festa egingo dute Mater ontzian. Sei eta hamalau urte arteko haurrei zuzendutako festan parte hartzen dutenek, pirata mozorroa prestatzeko aukera izango dute Itsas Gelakoen laguntzarekin, eta Mater Ontziko tripulazioko kide bihurtuko dira. Askari pirata ez da faltako eta jaia amaitzeko altxorraren bila jolasean ariko dira.
Parte hartzea doakoa izango da, baina lekua mugatua denez, interesdunek aldez aurretik erreserba egin beharko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Horretarako, 619 81 42 25 telefono zenbakira deitu behar dute haur pirata festan parte hartu nahi dutenek. Mater Ontzia San Pedroko arrantza kaian izango da, motoraren ondoan.
Konpartsa, poteoa eta afaria
Gauean berriz, Antxon antzerkiak hartuko du lekukoa Pasaiako antzerki tailerraren eskutik. Bi antzezlan antolatu dituzte, eta emanaldiak Kultur Etxean izango dira, 22:30etik aurrera.
Armadas hasta los dientes lana taularatuko dute, lehenik, Yolanda Torvisko eta Fatima Rodriguezek. Haien burua defendatzeko edozer egiteko prest dauden bi lagunen istorioa kontatzen du antzezlanak. Antzerki taldeko kide diren Jose Ignacio Barraguesek eta Iñaki Guerrak
De armas tomar lana antzeztuko dute ondoren eta azaldu dutenez, “bizitzaren inauteria bezalakoa izango da antzezlana”.
Egitarau zabala prestatu du Antxoko Gazte Asanbladak inauterien harira etzirako. Aurten aukeratu duten gaia, urpeko mundua da, eta horren harira, barrutiko gazte guztiei gaiarekin zerikusia duten jantziekin mozorretzeko deia egin diete. Herriko tabernak ere hala mozorrotu dituzte.
Gazte Asanbladaren konpartsak kaleak girotuko ditu 18:30etik aurrera eta ondoren poteoa egingo dute herrian barrena. Eguna amaitzeko afaria egingo dute 21:30ean Kultur Etxean, eta dagoeneko txartelak ez daudela salgai jakinarazi dute antolatzaileek. Afariaren ostean “sorpresa” izango dela aurreratu dute Gazte Asanbladako kideek.