1.173.423 euro itzuli behar ditu Hondarribiko Udalak 2012an
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako udaletako ordezkariek bilera egin zuten ostiralean, Udal Finantzaziorako Foru Funtsaren gainekoak aztertu eta ordainketa aukerak proposatzeko, beti ere 2011. urteko likidazioari begira. Bertara, Hondarribiko Ud...
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako udaletako ordezkariek bilera egin zuten ostiralean, Udal Finantzaziorako Foru Funtsaren gainekoak aztertu eta ordainketa aukerak proposatzeko, beti ere 2011. urteko likidazioari begira. Bertara, Hondarribiko Udalaren ordezkari gisa, Juan Mari Altuna alkateorde eta Ogasun zinegotzia joan zen. 2012an, udalak aldundiari 1.173.423 euro itzuli behar dizkiola jakinarazi zioten.
Bileraren balorazioa egin du Altunak: «Etsituta nago ikusita zein norabide hartu zuen bilerak. Batzar izaera izan zuen, erabakia aurretik hartuta zegoelako. Esan digutena da 2012an diru guztia itzuli behar dugula».
Lau zatitan
Lau ordainketa egin beharko ditu udalak aldundiarekin duen zorra kentzeko. Lehen erdia, 556.768 eurokoa, otsailaren 25a baino lehen ordaindu behar du. Beste erdia hiru herenetan zatitu dute, bakoitza 192.340 eurokoa: maiatzaren 25a, abuztuaren 25a eta azaroaren 25a baino lehen egin behar ditu udalak ordainketa horiek. «Dirua itzuli ezin duten udalentzako bankuekin kredituak emateko bideak kudeatzen ari dira. Alegia, zorrak itzultzeko zor handiagoan sartzea. Konponbideak proposatzeko edo negoziatzeko bide bat exijitzen dugu. Foru arauaren arabera, aldundiak Finantzetako Lurralde Batzorderako deia egin behar du, eta Bilduk ez du hala egin. Itxoin behar dugu, baina ez goaz ondo», esan du Altunak.
Udalak ordaindu behar duena aurretik gordeta daukala ziurtatu du Altunak: «Zuhur jokatu dugu».

