Larunbat arratsaldeko elurte arazoak eragin zituen Oarsoaldean batik bat. Errenteria-Oreretan, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen hiru bat orduz gogoz egin zuen elurra, eta herri horietako txokoak zuritzeaz gain, trafikoan arazoak eragin zituen. Herrera eta Antxo artean, esaterako, hainbat auto N-1 errepidean gurutzatuta gelditu ziren, irrist egin eta gero.
Bidasoan ere elurra egin zuen, baina Oarsoaldean baino gutxiago. Hortaz, arazoak ez ziren handiak izan. Hala ere, kalean egin beharreko hainbat ekimen bertan behera utzi behar izan zituzten, horien artean Hondarribian egitekoa zen Euskadiko Arrantza Txapelketa.
Oarsoaldean, larunbatean, kaleko kirol lehiarik ez zen izan. Horrez gain, Errenteria-Oreretako Beraun auzoko pilotalekuan egitekoa zen Gipuzkoako Boxeo Txapelketa bertan behera gelditu zen.