Taxibus zerbitzu egokitua astelehenean hasiko da martxan
Londresko taxien itxurako auto batek lotuko ditu garraiorik ez duten auzoak hirigunearekin Garraio publikorik ez duten Oiartzungo auzoak hirigunearekin lotzen dituen Taxibus zerbitzuak berritasunak izango ditu astelehenetik aurrera. Nabarmenena, ibilga...
Londresko taxien itxurako auto batek lotuko ditu garraiorik ez duten auzoak hirigunearekin
Garraio publikorik ez duten Oiartzungo auzoak hirigunearekin lotzen dituen Taxibus zerbitzuak berritasunak izango ditu astelehenetik aurrera. Nabarmenena, ibilgailua bera da: Londrestik propio ekarritako auto batek egunean zortzi bidaia egingo ditu —aurretik baino bidai bat gehiago, baina asteburuetan ez du bidaiarik egingo—, eta gainera, ohiko taxiak baino handiagoa da ibilgailua: elbarrituentzako eta adinduentzako egokituta dago (arrapalarekin), eta sei bidaiarirentzako tokia du. Aurreko zerbitzua baino merkeagoa da ere.
Atzo aurkeztu zuten Taxibus zerbitzua emango duen autoa. Udalaren eta Oiartzungo Taxilarien Elkartearen arteko lankidetza hitzarmenak ahalbidetu du Taxibusaren zerbitzua orain osoagoa izatea.
Duela urte batzuk jarri zuten abian Taxibus zerbitzua. Udaletik jakinarazi dute «begibistakoak» zirela zerbitzuak zituen gabeziak, «erabilera indartzeko eta zerbitzuaren helburua betetzeko».
Hala, Ergoien, Gurutze, Karrika eta Legarre auzoei emango die zerbitzua Taxibusak. Manuel Lekuona Bibliotekako autobus geltokitik abiatuko da, eta Xorrolaren geltokiak erabiliko ditu herrigunean: 07:30ean, 08:15ean, 12:00etan, 13:00etan, 14:00etan, 17:15ean, 18:30ean eta 21:00etan aterako da Londresko taxien tankera duen autoa.
Xorrolaren osagarri
Xorrolarekin batera, Taxibusa Oiartzun barruko garraio publikoaren ardatza da. Horrela, bi zerbitzuak osagarriak izango dira, eta beraz, Taxibusaren ordutegiak jartzeko Xorrolarenak kontuan hartu dituzte. Bien prezioa 0,50 eurokoa da.

