2012ko aurrekontuari hasierako onespena eman dio Udalbatzak
2012 urteko aurrekontuari hasierako onespena eman zion herenegun Udalbatzak ohiko osoko bilkuran. Aurrekontuek, gobernu taldea osatzen duten Bildu koalizioko eta Errenteriako Ezkerrako (EE) zinegotzien aldeko bozka jaso zuten; PSE-EE, EAJ, eta PPko zinegotziek, bestetik, abstentzioaren alde egin zuten. Alderdi guztiek aurkeztu zizkioten emendakinak gobernu taldeak proposatutako aurrekontuari, eta horiek aztertu ostean Bilduk, Errenteriako Ezkerrak eta EAJk transakzio emendakina aurkeztu zutela zehaztu zuen Julen Mendozak: “Emendakin horrek elementu oso interesgarriak jasotzen ditu. Horrez gain, egoera ekonomiko honetan aurrekontuak aurrera atera ahal izatea oso garrantzitsua iruditzen zaigu”. Horren harira, beste alderdi politikoek erakutsitako jarrera «interesgarria» izan dela zehaztu zuen alkateak. Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradasek, bere aldetik, aurrekontuak Errenteria 2025 plan estrategikoa duela ardatz nabarmendu zuen, eta horrek, Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorraren berplanteamenduarekin batera, “bide egokia” markatzen duela gaineratu. Bide horretan udalean ordezkaturik dauden bost alderdien parte hartzea ezinbestekotzat jo zuen, “bestela zentzua galduko duelako neurri handi batean”. Gobernu taldea aurrekontuekin “guztien” parte hartzea bultzatzen eta denen proposamenei “lekua ematen” saiatu dela gaineratu zuen Ferradasek, “eta horretarako, entzun, ulertu eta adostasunera heltzeko ariketa garrantzitsua egin du gobernu taldeak, baina baita ere oposizioan dauden alderdiek, batez ere EAJk eta PPk”. PSE-EEren bozeramaile Juan Carlos Merinok bere taldeak aurkeztutako emendakinak ez onartu izanak “zapore [...]
2012 urteko aurrekontuari hasierako onespena eman zion herenegun Udalbatzak ohiko osoko bilkuran. Aurrekontuek, gobernu taldea osatzen duten Bildu koalizioko eta Errenteriako Ezkerrako (EE) zinegotzien aldeko bozka jaso zuten; PSE-EE, EAJ, eta PPko zinegotziek, bestetik, abstentzioaren alde egin zuten.
Alderdi guztiek aurkeztu zizkioten emendakinak gobernu taldeak proposatutako aurrekontuari, eta horiek aztertu ostean Bilduk, Errenteriako Ezkerrak eta EAJk transakzio emendakina aurkeztu zutela zehaztu zuen Julen Mendozak: “Emendakin horrek elementu oso interesgarriak jasotzen ditu. Horrez gain, egoera ekonomiko honetan aurrekontuak aurrera atera ahal izatea oso garrantzitsua iruditzen zaigu”. Horren harira, beste alderdi politikoek erakutsitako jarrera «interesgarria» izan dela zehaztu zuen alkateak.
Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradasek, bere aldetik, aurrekontuak Errenteria 2025 plan estrategikoa duela ardatz nabarmendu zuen, eta horrek, Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorraren berplanteamenduarekin batera, “bide egokia” markatzen duela gaineratu. Bide horretan udalean ordezkaturik dauden bost alderdien parte hartzea ezinbestekotzat jo zuen, “bestela zentzua galduko duelako neurri handi batean”. Gobernu taldea aurrekontuekin “guztien” parte hartzea bultzatzen eta denen proposamenei “lekua ematen” saiatu dela gaineratu zuen Ferradasek, “eta horretarako, entzun, ulertu eta adostasunera heltzeko ariketa garrantzitsua egin du gobernu taldeak, baina baita ere oposizioan dauden alderdiek, batez ere EAJk eta PPk”.
PSE-EEren bozeramaile Juan Carlos Merinok bere taldeak aurkeztutako emendakinak ez onartu izanak “zapore mingotsa” utzi diela esan zuen: “Edozein kasutan, argi dugu aurrekontu txar bat beti izango dela aurrekontua ez izatea baino hobeagoa”. PSE-EEk aurkeztutako emendakinen artean Mugikortasun Plana eta Enplegua Sustatzeko Planaren gainean aurkeztutakoak nabarmendu zituen Merinok.
Aurrekontuak egiteko garaian, edukiari erreparatu beharrean “ariketa aritmetiko hutsa” egiteko arriskua zegoela azaldu zuen alkateak: “Murrizketetan itsu-itsuan zentratu eta herriak egin behar duen bidea ez egitea litzateke hori”. Zentzu horretan, aurrekontuekin, “egoera ekonomikoa eta bide horren arteko oreka” lortu dutela nabarmendu eta hasieratik gobernu taldeak defendatu duen ideia gogorarazi zuen Mendozak: “Ideien legegintzaldia izango da honakoa, eta ez obra handiena”. Hori lortzeko bidean, “herri honen etorkizunean lan egiteko tresna garrantzitsua iruditzen zaigun Plan Estrategikoa eta Plan Orokorra mahai gainean” jarri dituztela zehaztu zuen Mendozak.
EAJ: “Aurrekontuek aurrera egitea ahalbidetu dugu abstentzioarekin”
Herenegungo udalbatzarrean aurrekontuei argi berdea eman ostean, agerraldia egin zuten EAJko hiru zinegotziek. Maite Peña bozeramaileak “abstentzioarekin aurrekontuek aurrera egitea ahalbidetu dutela” eta EAJk egindako emendakin gehienak onartuta, aurrekontua “hobetu” dela adierazi zuen.
Gobernu taldearen aurrekontu proposamena aztertuta, gastu sozialean eta enplegua sustatzeko inbertsio handiagoa egin, “eta ikerketara eta publizitatera bideratutako partidak murriztu behar zirela” ondorioztatu zuen EAJk. Ildo horretan, emendakinak aurkeztu eta negoziazio prozesu baten ostean zuzenketa transakzional bakarrean txertatzea adostu zuten EAJk, Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak. “Ondorioz, gizarte larrialdirako laguntzak, babestutako enplegu soziala, eta ikastetxeetan egin beharreko berrikuntzetarako diru zatia gehitzea; zaharren egoitzetako egonaldiak luzatzea, Acoge egitasmoa zabaltzea eta hiri debekatuaren mapa egitea” onartu.

