Gaztetxea aldarrikatzeko agerraldi jendetsua egin dute Hondarribian
Hondarribiko Gazte Asanbladak deituta gaztetxearen aldeko agerraldi jendetsua egin zuten larunbat eguerdian Hondarribiko Zuloaga Etxean. Herritar eta gizarte eragile ugari bildu ziren bertan gazteei babesa emateko. Gazte Asanbladako bozeramaileek azald...
Hondarribiko Gazte Asanbladak deituta gaztetxearen aldeko agerraldi jendetsua egin zuten larunbat eguerdian Hondarribiko Zuloaga Etxean. Herritar eta gizarte eragile ugari bildu ziren bertan gazteei babesa emateko. Gazte Asanbladako bozeramaileek azaldu zutenez, ostiralean Aitor Kerejeta alkatearekin bildu ziren, gaztetxe baten beharra helarazteko, eta alkateak gazteen proiektua zilegitzat jo duela esan zuten. Alkatearekin hitz egindakoa eta udalak emandako alternatibak aztertzeko prentsaurrekoaren ondoren asanbladan bildu ziren, eta aurrerantzean asanblada gehiago deitu eta hausnarketa prozesua zabalduko dutela iragarri zuten gazteek.
1.000tik gora atxikimendu
Aspaldi ari da Hondarribiko Gazte Asanblada gaztetxearen aldeko lanean. Beharren diagnostiko batetik abiatuta ekin zioten lanari, eta gazte guztien topalekua izango den azpiegitura nahi dute, autogestionatua, eta herriko giroa pizteko giltzarri izango dena. Udalari gazteen beharrak eta nahiak asetzeko konpromisoa bere egin ditzala eskatu diote, eta beren nahiak herrian babesa baduela erakusteko sinadurak biltzen ari dira. Dagoeneko 1.000tik gora atxikimendu bildu dituztela esan zuten larunbatean.
Gazte Asanbladak, koadrilen arteko sozializazioa bilatu nahi du, izan ere, Hondarribiko gazte koadrilak “sakabanatuta” bizi direla uste dute: “Gure artean ez dugu harreman handirik. Koadrila bakoitza norbere lokalean eta txokoan biltzera mugatzen da, eta honek ez du herri giroaren alde egiten”, azaldu zuten.

