Oñatibia eta Lete gogoraraziko dituzte Lartaungo kideek bihar
Urtero bezala, Lartaun Txistulari Taldeak eta Lartaun Abesbatzak batera kontzertua emango dute Santa Zeziliaren harira. Baina ez da izango asteartean, bihar baizik. Aurretik, 09:00etan, Elizalde auzoan zehar diana joko dute txistulariek. Gero, 11:30ean...
Urtero bezala, Lartaun Txistulari Taldeak eta Lartaun Abesbatzak batera kontzertua emango dute Santa Zeziliaren harira. Baina ez da izango asteartean, bihar baizik.
Aurretik, 09:00etan, Elizalde auzoan zehar diana joko dute txistulariek.
Gero, 11:30ean, Kantu Kantari ekimenaren barnean, Landetxetik aterako dira Lartaungo abeslariak, herri doinuekin kaleak girotzera.
Eta kontzertua 12:45ean izango da Kontzejupean. Txistulari taldearen eta abesbatzaren sortzaile izan zen Yon Oñatibiaren jaiotzearen mendeurrena gogoraraziko dute, baita Txistulari Taldearen sorreraren 50. urteurrena ere. Horrez gaik, kontzertua Oñatibiak berak sortutako musika eta dantzaz osatua egongo da. Besteak beste Yon Done Iturri dantzaren musika entzungo dute Kontzejupera hurbiltzen direnek. Doinu hori San Juan kaperaren aurrean eman zuten duela 40 urte lehen aldiz. Antonio Valverde Ayalde margolariaren omenez sortutako kanta bilduma ere entzun ahal izango da bihar udaletxeko arkupean.
Gonbidatu bereziak izango dituzte, gainera, aurten Lartaungo kideek: Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako dantzari txikiak. Oñatibiak sortutako dantzak dantzatuko dituzte: bi jolas dantza eta Lakuntzako pertzaren dantza.
Eta kontzertua amaitzeko, Xabier Leteren heriotzatik ia urte bete joan denean, hura ere gogoan izango dute bere hiru kantaren bidez. Abesti horietan ikusleei ere parte hartzeko gonbitea luzatuko diete Lartaungo kideek.

